Hemeroteka


Compartir
2014-06-21

Galtzagorrik eta Gipuzkoako Diputazioak hitzarmena berritu dute

2000. urtetik urtero egin ohi duen moduan, Haur eta Gazte Literatura sustatzeko asmoz, Galtzagorri Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena berritu dute. Hortaz, azken hiru urteotan bezala, Liburuen Altxorra eta Liburu Gaztea Saria egitasmoei ekingo die ikasturte berrian.

Hamabost urteko ibilbidea du hitzarmen honek. Horren baitan irakurzaletasuna sustatzeko bi programa hauez gain, lehenago beste bi ere egiten ziren: Idazle Gaztea lehiaketa (2010 arte) eta Gipuzkoako hainbat Udal Liburutegitan jartzen zen Areto Literarioa (2013 arte).

Galtzagorrik 55.000 euro jasoko ditu 2014-2015 ikasturtean irakurzaletasuna sustatzeko hitzarmen honen baitan. Hala ere hitzarmen honek azken bost urteetan krisi ekonomikoak eraginda murrizketa handia jasan du, %50 baino gehiago murriztu da aurrekontua.

Milaka ikasle euskaraz irakurtzen

Galtzagorrik Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin bideratzen dituen Liburuen Altxorra eta Liburu Gaztea Saria egitasmoei esker, milaka dira urtero euskarazko Haur eta Gazte Literaturako liburuak irakurtzen dituzten Gipuzkoako haur eta gazteak.

Liburuen Altxorra egitasmoaren baitan, liburuz betetako gurpildun kutxa Gipuzkoako 34 eskola txikitan izan da 2013-2014 ikasturtean. 0-12 urte bitarteko 100 ikasle baino gutxiago dituzten eskolei zuzendutako egitasmoa da hau eta harrera ezin hobea izaten du parte hartzen duten ikastetxeetan.

Kutxa hauetako bakoitzak 140 liburu inguru ditu. Gehienak Galtzagorri Elkarteak urtero antolatzen duen Irakurketa Mintegian hautatutako liburuak dira. Mintegi horretan, idazle, irakasle, liburuzain eta dinamizatzaile hainbat biltzen dira, 0-12 urte bitarteko haur eta gazteentzat argitaratutako guztia irakurtzeko. Ondoren, argitaratutako guztiari buruz azterketa bat egin, eta kalitatearen ikuspegitik interesgarrienak diren lanak egitasmoko liburu zerrendara bideratzen dira. Modu honetan, urtero liburuak berritzen direla bermatzen da.

Liburu Gaztea egitasmoak ere 15 urte beteko ditu aurten eta gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko egitasmoak geroz eta gazte gehiago erakartzen ditu. Azken bi ikasturteetan egitasmo honek irakurzaletasuna eta teknologia berriak uztartzeko ahalegina egin du Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketaren bidez eta 2013-2014an 1.700 bat ikaslek hartu du parte. Bigarren edizio honetan ia bikoiztu egin dira jasotako book trailerrak; 297 guztira. Eta harrera oso ona izan du bai ikasleen bai irakasleen artean.

Datorren ikasturtean ere Galtzagorri Elkartearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmenari esker milaka haurren eta gazteren artean sustatuko da irakurzaletasuna.