Maiatzaren 19rako, Euskal Kultur Erakundeak, Bilketa Sareak eta Departamenduko Mailegu Liburutegiak Euskarazko Haur eta Gazte Literaturari buruzko egun profesionala antolatu dute. Hazparneko Mediatekan egingo da eta saio guztiak euskaraz izango dira, frantseserako bat bateko itzulpenekin.
Galtzagorri Elkarteak ere parte hartuko du irakurketa sustatzeko sortu dituen egitasmoak azalduz. Hain zuzen, elkarteko lehendakari Iñaki Markotegik eta Izaskun Jauregi idazkari teknikoak elkarteak irakurketa sustatzeko sortu eta kudeatzen dituen kanpainak izango dituzte hizpide: Bularretik Mintzora, Liburuen Altxorra, Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa, areto literarioak, web ataria eta Behinola aldizkaria eta abar. Hitzaldia 15:00etan hasiko da.
Baina ez da egun horretako hitzaldi bakarra izango, aurretik, 9:00etan hasita, Imanol Mercero HGLn adituak eta Galtzagorri Elkarteko kideak, "HGL zertan den - Gaur egunera nondik etorri garen begiratuta" hitzaldia emango baitu.
10:45ean, berriz, IKAS Pedagogia Zerbitzuko Aines Dufau (zuzendaria) eta Elise Diletek (dokumentalista) azken 10 urteetako Iparraldeko haur eta gazte literaturaren ekoizpenaren aurkezpen orokor bat egingo dute.
Bazkaltzeko tartea hartu eta arratsaldean saio gehiago izango dira.
13:30ean, Durangaldeko Berbaro Elkarteak Haur literatur aretoa.eus web zerbitzua eta Saguganbara egitasmoa aurkeztuko ditu.
Ondoren, esan bezala, 15:00etan izango da Galtzagorri Elkartearen aurkezpena eta amaitzeko, 16:00etatik 17:00etara, esperientziak partekatzeko aukera izango da. Bizpahiru profesionalen HGL alorreko liburuen aurkezpena, beraientzat nabarmenak direnak : gogokoenak, gehienik erabiliak direnak (animazio edo irakurketetarako), gaitzetsiak…
Izen emateak : Departamenduko Mailegu Liburutegia - Stéphanie MEDRANO- edo honako telefonora deituz: 05.59.02.97.37.