Hemeroteka


Compartir
2012-04-04

Euskal literaturaren iazko balantzea SMren urtekarian

"Actividad editorial en euskara: Un año notable" izeneko artikulua idatzi du Xabier Etxaniz Erlek SMren urtekarian, Anuario Iberoamericano sobre el Libro Infantil y Juvenil. Bertan euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren esparruan euskaraz egin diren argitalpenak, martxan jarri diren ekimenak, banatu diren sariak, literaturari eskainitako telebista saioak eta beste hainbat gai aipatzen ditu.

Krisiaren eraginez hainbat ekimenetan murrizketak izan direla eta betiko argitaletxeek argitalpen kopurua murriztu duten arren, 2011ko uzta ontzat jotzen du Etxaniz Erlek. Krisia eta diru-laguntzetan murrizketen aurrean, Haur eta Gazte Literaturako elkarteak eta talde txikiak irakurketa sareak, irakurketa klubak, blogak eta beste hainbat ekimen martxan jartzen ari direla eta horrekin irakurleen "azpiegitura" bat sustatzen hasi direla dio. Beterriko Liburua aldizkaria jarri du horren adibide.

Sariak, albumen eta ilustrazioen aldeko apustuak eta Galtzagorri Elkarteak antolatzen duen Marrazi(O)ak tailerra ere aipagai ditu artikulu horretan.

Halaber, Galtzagorri Elkarteak argitaratutako zenbait lan ere aipatzen ditu bertan. Batetik, 2008an Donostian egindako biltzarreko hitzaldiak biltzen dituen liburua aipatzen du: Galtzagorrik Erein argitaletxearekin argitaratutako "Haur eta Gazte Liburua Kultura Aniztasunean" izeneko liburua, hain zuzen. Bestetik, Galtzagorri Elkarteak Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean sortutako Klis-klasikoak liburu sortaren eta egitasmo horren helburuaren berri ere ematen du Etxaniz Erlek.