Hemeroteka


Compartir
2015-11-20

Euskal ipuingintza egungo liburuetan

Xenpelar Dokumentazio Zentroak antolatuta, 2015eko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak egingo dira azaroaren 18an eta 25ean, Koldo Mitxelena Kulturunean. Bertan gaur egun argitaratuta dauden haurrentzako liburuetan euskal tradiziozko ipuinek eta ipuin unibertsalek duten egoera aztertu nahi da, bereziki ahoz kontatzeko eskaintzen dituzten baliabideei erreparatuz. Galtzagorri Elkarteko hainbat kidek hartuko du parte saioetan: Xabier Etxaniz Erle, Pello Añorga, Manu Lopez Gaseni, Patxi Zubiarreta eta Bego Alabazan.

Azaroaren 18an, Idatzitik ahozkora: euskal tradiziozko ipuinak liburuetan gaia izango dute ardatz hizlariek. Ipuina bera eta euskal tradiziozko ipuingintza zer den kokatu ondoren, gaur egun haurrentzako argitaratuta dauden euskal tradiziozko ipuin-liburuen egoera aztertuko dute ikuspuntu ezberdinetatik, baina bereziki ahoz kontatzeko baliabideei erreparatuz. 

Saioak goizez izango dira, 10:00etan hasita, eta 12:30ean mahai-ingurua egingo dute hiru hizlariek: Xabier Etxaniz, Itziar Rekalde eta Pello Añorgak.

Ipuin unibertsalak

Azaroaren 25ean, berriz, Idatzitik ahozkora: itzulitako ipuin unibertsalak liburuetan goiburu hartuta, gaur egun argitaratuta dauden haurrentzako liburuen artean ipuin unibertsalek duten egoera aztertuko da ikuspuntu ezberdinetatik, baina bereziki ahoz kontatzeko baliabideei erreparatuz. Manu Lopez, Patxi Zubizarreta, Aines Dufau eta Bego Alabazan izango dira hizlariak. Egun horretan ere mahaiaren bueltan solastuz amaituko dute guztiek.

Jardunaldiotan landuko diren gaiak eta gogoetak udal liburutegietako nahiz eskola liburutegietako arduradunentzat interesgarriak izateaz gain, ipuin-kontalari edo ipuingileentzat, eta arlo honetan dabiltzan editore eta itzultzaileentzat ere baliagarriak izatea nahi da. Dena dela, jardunaldiak doakoak izango dira eta interesa duen edonorentzat daude zabalik. 

2015ko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien antolatzaileak Mintzola Fundazioa, Tolosako Udal Liburutegia, eta Koldo Mitxelena Liburutegia dira. Elkarte hauen laguntza izan dute jardunaldiek: Galtzagorri Elkartea; Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea (ALDEE) eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE).

Informazio gehiago: www.mintzola.eus edo xenpelar@bertsozale.eus helbidera idatzita. Telefonoa: +34 943 693 870 / +34 943 694 277