Hemeroteka


Compartir
2011-07-06

Euskal idazle, irudigile eta argitaletxeen lanak Katalunian

Etxepare Institutuaren laguntzarekin Galtzagorri Elkarteak irudigile gipuzkoarren lanak Haur eta Gazte Liburuaren Mollerusako Saloian jarri ditu ikusgai, maiatzaren 1etik 13ra. Izan ere, Galtzagorrik Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalarekin batera antolatuako Irudigile Gipuzkoarrak Haur eta Gazte Literaturan izeneko erakusketa bertan izan da ikusgai. ClijCAT elkartea (OEPLIko atal katalana) da antolatzaileetako bat eta aurten, Galtzagorri elkartearen kolaborazioa izan du saloia antolatzeko.  

Hogeita hamahiru ilustraziorekin osatutako erakusketa horrez gain, Galtzagorrik Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera antolatzen duen Liburu Gaztea sariko liburu irabazleekin osatutako erakusketa ere izan da bertan. Hortaz, euskal idazle eta ilustratzaileek, ez ezik, Euskal Herriko zenbait argitaletxek (Erein, Elkar, Edebe-Giltza, Aizkorri, Zubia, Ibaizabal, Igela, Alberdania eta Pamiela) ere izan du lekua Mollerusako Saloian.

ClijCat eta Galtzagorriren arteko elkarlanak besterik ere eman du aurtengo Saloian; aipatuako erakusketez gain, irakurketa saioak ere egin baitira. Yolanda Arrieta idazleak eta Aitziber Alonso irudigileak elkarrekin idatzi eta irudikatutako Agur, ama! (Ibaizabal, 2009) liburuaren irakurketa ilustratua eskaini zuten 8 eta 10 urteko haurrei zuzenduta.

Mollerusako Haur eta Gazte Liburuaren Saloiak urtero milaka bisitari izaten ditu eta euskal dazle, irudigile eta argitaletxeei aipamen berezia egin zaien honetan ere oso harrera ona izan du.

TV3eko albistegietan eman zituzten Yolanda Arrieta eta Aitziber Alonsoren saioaren irudiak:  http://www.tv3.cat/videos