Hemeroteka


Compartir
2012-09-30

Euskal Herriko kontalarien VII. Festa Antzuolan

Asteburu honetan (irailak 29-30) "Bazein behin... Antzuolan" Euskal Kontalarien VII. Festa ospatuko da Antzuolan, Kontalariak Elkarteak antolatuta. Euskal Herriko txoko guztietatik joango dira kontalariak Antzuolara eta estilo askotako kontakizunak entzuteko aukera izango da. Herriko areto, kale, plaza eta tabernak kontakizunez beteko dira.

Lehenengo Euskal Kontalarien Festa Getxon (Bizkaia) ospatu zen, ordutik hona Aramaion, Pasai Donibanen, Etxalarren, Bermeon eta Legution ospatu da festa hau. Kontalariak Elkarteak antolatzen du jaia eta hitza eta ipuinak ibiltariak diren moduan hala egin nahi izan dute euren festa euskal kontalariek ere.

Festa honekin, euskal kontalaritzaren egoera nola dagoen erakutsi nahi dute; artistikoki nolako proposamenak eskaintzen diren eta izan badirela erakutsi nahi dute. Euskal Herrian kontalaritzaren mugimendua aski berria da, nahiz eta kontalari batzuk urteak eman ofizioan eta Kontalariak Elkarteak festa honen bitartez horren berri eman nahi izaten du, euren aldarrikapenak aireratzearekin batera, esaterako: kontatzeko baldintzak hobetzea.

Kontalariak Elkarteak euskal herritar guztiak gonbidatu nahi ditu gero eta garrantzitsuago bihurtzen ari den hitzaren festa horretara. Haur zein heldu, gazte eta zahar ipuinak entzunez, ipuinak kontatuz denbora ederki pasatzeaz gain, guztion ondarea diren ipuinak gal ez daitezen.

Egitaraua: 


29 larunbata:

22:30: Helduentzako ipuin erotikoen saioa, Torresoroan.

30 igandea:

11:30: Pregoia herriko plazan

12:00-14:00: Ipuinak haur txikientzako, Xurrategin.

12:00-14:00: Ipuin-poteoa, kontsultorioa eta Orakulua herriko plazan, eta kontalari ibiltariak.

17:00: Edonork kontatu dezakeen ipuin maratoia, herriko plazan.

Parte hartuko duten kontalariak: Marisol Abreu, Ernesto Aguirre, Begoña Alabazan, Pello Añorga, Amaia Arriaran, Belen Azkarate, Leyre Basarrate (Apika), Ines Bengoa, Maite Franko, Rakel Imaz, Virginia Imaz (Oihulari Klown), Santi Ledesma (Teatro Begira), Anabel Muro, Ana Rodriguez (Apika), Doro Zobaran.