Hemeroteka


Compartir
2011-04-12

Euskal Herriko 23 herritan ospatuko da Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna

Atxikipena adierazi duten liburutegi zein eskoletako liburutegi eta irakaskuntza zentroek IBBYren Estoniako atalak prestatutako kartela eta mezua jasoko dute Espainiako Estatuko lau hizkuntza ofizialetara itzulita.

Euskal Herrian, Galtzagorrik egindako gonbidapenera 23 liburutegi eta eskola atxiki dira. Kontaketak, tailerrak, erakusketak, irakurketak, hitzaldiak, merkatu txikiak, lehiaketak... kolore askotakoak dira ospatzeko antolatu dituzten ekintzak.

Juri Mildeberg-ek ilustratutako kartela eta Aino Pervik idazleak idatzitako mezua dira aurten Haur Liburuaren egunaren ospakizunera atxiki direnek jasoko dituztenak. Euskarazko mezua Paul Picadok itzuli du. Osorik irakurri ahal izango duzue hementxe bertan.

 

 

Haur Literaturaren Festa

 

Galtzagorrik deituta, Euskal Herri osoan hainbat ekintza burutuko dira Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Batzuk apirilaren 1ean edo 2an egingo dira, baina beste hainbat hilabete osoan zehar daude antolaturik. Hona laburpen txiki bat:

 

-Tailerrak: Berako Liburutegian komiki tailerra egingo dute Belatz marrazkigilearekin. Apirilaren 1ean Itsasondoko liburutegian ipuin lehiaketa antolatu dute eta haurrekin tailer bat gauzatuko dute ondoren.

Iurretako Herri Bibliotekak ilustrazio tailerra burutuko du martxoaren 14a eta 18a bitartean, Haur Liburuaren Nazioarteko Egunaren ospakizunaren harira. Bertan, "Ida txikiaren loreak" ipuinaren bertsio berri bat sortuko dute Iurretako Ikastetxeko haurrek. Tamaina handiko liburu bat egingo da eta honen sorreran 6-12 urte bitarteko haurrek parte hartuko dute.

 

-Hitzaldiak: Donostiako Haur Liburutegi Nagusian apirilaren 1ean Juan Karlos Alonso psikologoak  "Haur Literaturaren eragina haurraren garapenean" hitzaldia eskainiko du, Bularretik Mintzora kanpainaren barruan.

 

-Erakusketak eta merkatuak: Tolosako Haur Liburutegian apirilaren 2tik 23ra erakusketa paratuko dute Andersenen "Pizgailu magikoa" ipuinaren inguruan. Horretarako ipuina ikastetxeetan landuko dute eta umeek ipuin honi buruz egindako marrazkiak liburutegira bidali. Marrazkiekin erakusketa egingo da, eta marrazki egileen artean liburuak zozketatu.

 

Bestalde, Urretxun, apirilaren 15ean, liburuen merkatu txikia egingo da.

 

 

-Ipuin kontaketak: Hainbat eta hainbat dira egingo diren ipuin kontaketa saioak. Hona horietako batzuk: Leitzan apirilaren 1ean eguerdiko 12:00etan egingo dute kontaketa saio; Zumarragako Udal Liburutegian ere egun berean egingo dute kontaketa saioa arratsaldeko 18:00etan; Tolosan apirilaren 1ean ipuin kontaketa berezia egingo dute arabieraz, euskaraz eta gaztelaniaz. Hain zuzen ere, "Pizgailu magikoa" ipuina kontatuko dute, 6-10 urte bitarteko haurrentzat eta euren gurasoentzat Kolore Guztiak Elkarteko gazte batzuek eta Idoia Sanchezek. Apirilaren 7an berriz, Tolosako Haur liburutegian "Ipuin txokoan" "Pizgailu magikoa" edota Andersenen beste ipuin bat kontatuko du Miriam Mendozak; Urretxuko Udal Liburutegian berriz Zurrumurru Taldeak "Zomorroak" izeneko ipuin saioa eskainiko du apirilaren 13an. Eibarko Juan San Martin Liburutegian talde berak "Mamuak eta beste bizilagun batzuk" izeneko ipuin kontaketa saioa eskainiko du apirilaren 2an arratsaldeko 18:00etan. Bestalde, Andoaingo Udal Liburutegian, apirilaren 1ean arratsaldeko 18:00etan Maider Galarzak "Beldurrentzako ipuinak" saioa eskainiko du 3 urtetik gorako haurrentzat.

Markina-Xemeingo Herri Bibliotekak ere ipuin kontaketa saioa eskainiko du apirilaren 2an 12:00etan. Arratsaldean, tailer bat egingo dute gainera; Apirilaren 4an, Aburuko Udal Bibliotekak "Ipuin Arabiarrak" izeneko emanaldia eskainiko du arratsaldeko 18:00etan. Azkenik, apirilaren 8an, Iurretako Herri Bibliotekan Alaitz Murok "Ida txikiaren loreak" ipuinaren kontaketa saioa eskainiko du, Andersenen bizitzako gorabeherak aipatuz.

 

-Bestelakoak: Tolosako Haur Liburutegian, apirilaren 1ean, 4an, 5ean eta 6an 5 urteko haurren bisita gidatuak antolatu dituzte liburutegiak haur txikiei eskaintzen dizkien zerbitzuak eta hauen erabilpen zuzena irakasteko. Apirilaren 7tik 15era berriz, 10 urteko gazteei eskolako bisita gidatuak eskainiko zaizkiei OPACa (Online katalogoa) erabiltzen eta funtsaren antolaketa ikasteko. Apirilaren 1ean baita ere piruleta banaketa egingo da: liburua maileguan eramaten duen bakoitzak jasoko du piruleta bana.

Errenteriako Udal Liburutegian Iker Diazen "Gozen itsasora" ikuskizuna eskainiko dute apirilaren 1ean arratsaldeko 18:00etan. Adin guztientzako ikuskizuna da eta etortzen direnek manifestua enztun ahal izango dute. Irakurketa liburutegiko langileen artean eta ikusleen artean egingo da.

Arrasateko Udal Bibliotekan apirilaren 9an haur eta gurasoek elkarrekin irakurketa sustatzeko ekintzak landuko dituzte Mireia Delgado, Galtzagorriko dinamizatzailearen eskutik. Horretarako bi talde sortu dira, beraz, bi saio eskainiko dira goiz horretan, 6-7 urteko haur eta gurasoekin aldi berean.

Errenteriako Cristobal Gamon L.H.I  ikastetxeko liburutegiak ere hainbat ekimen antolatu ditu egun horretarako. Besteak beste, irakurketa separagailuen lehiaketa bat  burutu eta Haur Liburuaren Egunaren berri emanez zentro guztian grabazio bat eskainiko dute. Noski, Aino Pervik-en mezua ere irakurriko dute.

 

Getxoko Liburutegiek elkarrekin ospatuko dute egun hau. Hori dela eta magiari lotuta hainbat ikuskizun antolatu dituzte. Horien artean, apirilaren 2an goizean, etengabeko ipuin irakurketa publikoa gauzatuko dute, Getxoko ikasleen eskutik, beti ere, magiarekin lotuta dauden ipuinak irakurriko dituztelarik.