Hemeroteka


Compartir
2012-09-07

Euskal Haur eta Gazte Literatura Londonen

Euskal Haur eta Gazte Literaturak bere lekua izan du abuztuaren 23tik 26ra Londonen (Ingalaterra) egin den IBBYren Nazioarteko Kongresuan. Izan ere, Galtzagorri Elkarteak, Etxepare Institutuaren eta OEPLIren (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) laguntzarekin, euskal literatura ardatz duen ikuskizuna aurkeztu du abuztuaren 24an. Ikuskizun horretan herrien arteko mugak, orpoz orpo dauden hizkuntzen arteko uztartzeak, eta hartu-eman horietatik sortzen den literatura islatu da. Hain zuzen ere, aurtengo kongresuaren leloarekin ("Crossing boundaries: Translations and Migrations") bat egin nahirik sortu da ikuskizun hori.

"Paperean hegan / Flying Over Paper" izena eman zaio ikuskizunari. Hain zuzen, Galtzagorri Elkarteak Koldo Mitxelena kulturunearen laguntzarekin sortu zuen "Paperean hegan" ikusentzunezkoaren izen bera. Izan ere, euskal haur Literatura eta ilustrazioak uztartzen ditu ikusentzunezko horrek, eta abiapuntu berdintsua izan du Londonen aurkeztu den ikuskizunak berak ere.

Ikuskizuna Patxi Zubizarretak (ahotsa eta gidoia), Jokin Mitxelenak (ilustrazioak), Joserra Senperenak (musika), Gema Arrugaetak (irudiak eta alde teknikoa), Maddi Oihenartek (kantua)  eta Idoia Noblek (interpretea) eskaini dute. Bertan literatura, ilustrazioak, musika, irudiak eta kantua uztartu dituzte.

Egun berean, Mari Jose Olaziregik, Etxepare Institutuko Euskara Zuzendariak, euskal diasporaren inguruko txosten bat aurkeztu zuen biltzarrean.

Euskaraz sortutako Haur Literatura itzulia

Ikuskizun aretoa Euskal Haur Literaturak eman dituen hainbat liburuz hornituta egon da. Euskaraz sortu eta beste hizkuntzetara itzuli diren zenbait liburu jarri dira ikusgai. Besteak beste, Mariasun Landaren Txan fantasma (Chan el fantasma); Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak (Memorias de una vaca; Mémories d'une vache; Memories van un koe; Memorien einen baskishen kuh); Juan Kruz Igerabideren Printzesa begi-zulo (La princesa ojerosa; La princesa ullerosa); Patxi Zubizarretaren Midasen eraztuna (El anillo de Midas; L'annel d'en Midas); Miren Agur Meaberen Errepidea (La carretera); eta Elena Odriozolak ilustratutako Quando vem a lua, Die schöne gemahlin des mandarin eta A woodland secret.