Hemeroteka


Compartir
2014-05-18

Euskadi Sarietarako deialdia argitaratu da

Maiatzaren 6an argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2014ko urtean Euskadi literatura-sariak arautu eta horretarako dei egiten duen apirilaren 30eko agindua, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena.

Euskadi literatura-sariak hainbat modalitatetan ematen dira, eta aurreko urtean argitaratutako literatura-lanen kalitatea saritzen dute, horrela literaturaren alorreko idazle, itzultzaile eta ilustratzaileen sorkuntza sustatzeko. Urtero egiten da sari hauetarako deialdia, asmo bikoitzarekin: saritutako lanak zabaltzea eta egileak berak eta egin dituzten lanak ezagutaraztea.

Zazpi modalitatetan banatzen dira sariak: 

a) Euskarazko literatura.

b) Gaztelaniazko literatura.

c) Euskarazko haur eta gazte literatura.

d) Euskarazko literatura itzulpena.

e) Literatura-lanaren ilustrazioa.

f) Euskarazko saiakera.

g) Gaztelaniazko saiakera.

Aurten, beraz, ez da Gaztelaniazko Haur eta Gazte Literatura modalitaterik izango sarietan.

Aginduaren 2. artikuluak zehazten duenez, Euskadi literatura-sariak 18.000 euro gordinez hornituta daude modalitate bakoitzeko. Diru-kopuru hori saritutako lanen egileei emango zaie. Saritutako pertsonek, era berean, Euskadi literatura-sarientzat berariaz Jose Ibarrola Bellidok eginiko «Liburu Nabigatzaile» izeneko eskulturaren ale zenbatua jasoko dute.

Egileek ezingo dute euren lana aurkeztu

Aurtengo deialdiako aldaketa nagusia lanak aurkezteko prozeduran dago. Azken urteetan ez bezala, epaimahaikideek aurkeztuko dituzte sariaren modalitate bakoitzerako hautagaiak. Honela adierazten da 5. artikuluan:

5. artikulua.– Lanak, dokumentazioa aurkeztea eta epea.

1.– Modalitate bakoitzeko epaimahaiak aurkeztuko ditu sarirako hautagaiak. Epaimahaietan kontuan hartu ahal izango dira, sektoreko elkarte estrategikoen ordezkarien bidez etorritako proposamenak.

Epaimahaikideek beren hautagaitzak honako helbide honetara bidaliko dituzte, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bideren bitartez: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Hautagaiek 4. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta sarietan parte hartzeko baldintzak betetzeari dagokion akreditazioa beharrezkoa bada, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Horrela egingo ez balu, ez da sarirako lan horren proposamena kontuan hartuko.

Epaimahaiek aurkeztutako hautagaien egileei jakinaraziko zaie haien parte hartzea sarietan.

Sarirako hautagaiak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2014ko ekainaren 30ean amaituko.

Epaimahaikideei dagokienez, 6. artikuluan zehazten den bezala, Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako epaimahaia honakoek osatuko dute: 

– Aurreko urteko irabazlea.

– Galtzagorri elkarteak proposatutako pertsona bat.

– Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Elkarteak (ALDEE) proposatutako pertsona bat.

– Euskal Herriko Unibertsitateak proposatutako pertsona bat.

– Literaturaren munduan aitortutako gaitasuna eta prestigioa duen pertsona bat, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak proposatua.