Hemeroteka


Compartir
2011-05-30

Etxepare Sarian eta Lazarillo Sarietan parte hartzeko oinarriak

Euria ari duenean du izenburu 2010eko Etxepare Saria eskuratu duen album ilustratuak. Leire Salaberriak (Andoain, 1983)  idatzi eta ilustratu du lan hau. Arte Ederretan Lizentziatua da eta Bartzelonan bizi da gaur egun. Galtzagorri Elkarteko bazkide ere bada. 6.000 eurotako sari bakarra jaso du Salaberriak eta Pamiela argitaletxeak argitaratuko du bere lana euskaraz.

 

Epaimahai lanetan aritu diren Patxi Zubizarreta, Iñaki Agirrezabal, Jon Zabaleta eta Mikel Valverdek (guztiak ere Galtzagorriko kideak) zera nabarmendu dute: artista berri eta berezi baten eskua nabari dutela lan honetan, gauzei begirada ezberdin batekin begiratzen diena.

 

Aurten guztira 19 lan aurkeztu dira Etxepare Sarira. Etxepare Saria 2004an sortu zen. Garai hartan, Nafarroako hainbat toki entitatek, haien Euskara Zerbitzuen bitartez, Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea zegoela ikusi zuten, eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izanen zen saria sortzea erabaki zuten: Etxepare Literatur Sariak.

 

2006tik aurrera, Etxepare haurrentzako albumak sortzeko beka bihurtu zen, euskaraz sortutako albumen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Izan ere, euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskaraz sortuak. Euskarazko album ilustratuen sorrera bultzatzen duen beka edo lehiaketak urriak dira, eta alde horretatik, ekimen berritzailea da.

 

2009an, Etxepare beka izateari utzi eta saria bilakatu zen. Sari honen antolatzaileak Nafarroako 14 toki entitate dira (udalak, Mankomunitateak...). Laguntzaile dira berriz, nafarroako Gobernua-Euskarabidea eta Pamiela argitaletxea.

 

Aurtengo deialdian parte hartu nahi dutenek euren lanak bidali beharko dituzte azaroaren 30a baino lehen honako helbide honetara: ETXEPARE SARIA, Leitzako Udala-Euskara Zerbitzua, Elbarren 1, 31880 Leitza (Nafarroa). Beti ere, aurkeztutako albumak ez dira 20 cm X 21cm baino txikiagoak izango  eta gutxienez 15 orrialde bikoitz izango dituzte. Testuak lerro-arte bikoitza utzita idatziko dira, eta ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko.

 

 

 

 

 Lazarillo Sariak 2010 eta 2011

 

Joan zen urteko abenduaren 11n banatu ziren 2010eko Lazarillo Sariak, Madrileko Haur eta Gazte Liburuaren Saloiaren baitan. Sormen Literarioaren atalean, Pilar Lozano eta Alejandro Rodriguezen Marco Polo no fue solo lana gailendu zen. Album Ilustratuaren kasuan, Enrique Floresek eta Lluistok irabazi zuten ex aequo, Parchis eta El sueño del viejo marinero lanengatik, hurrenez hurren.

 

2010eko edizioan Sormen Literarioaren alorrean 53 lan aurkeztu ziren, horietatik 40 gaztelaniaz, 6na gailegoz eta katalanez, eta 1 euskaraz. Album Ilustratuaren alorrean, 43 lan aurkeztu ziren.

 

Haur eta Gazte Literaturako Sari zaharrena da Lazarillo Saria. 1958. urtean sortu zuen INLEk (Espainiako Liburuaren Nazioarteko Institutuak). 1985.urtetik aurrera ordea, OEPLIk hartu zuen sari hauek antolatzearen ardura. Galtzagorri elkarteak, OEPLIko partaide izanik, sari hauetako epaimahaian parte hartzen du urtero. 2010eko epaimahaian Eider Eibarrek parte hartu zuen Album Ilustratuaren alorrean, eta Mikel Ayerbek Sormen Literariokoan.

 

Sariketa honen helburua haur eta gazteei zuzendutako liburuen kalitatezko produkzioa bultzatzeaz gain, haurrentzako album ilustratuen produkzioa sustatzea ere bada. Egun bi sail ditu lehiaketa honek: bata, Album Ilustratuarena; bestea, Literatur Sorkuntzarena. 8.000 euro irabazten ditu irabazleak kategoria batean zein bestean.

 

Aurtengo lehiaketa ere martxan da. Horregatik, Sormen Literarion parte hartu nahi dutenek kontuan hartu behar dute aurten gazteentzako literatur lanak aurkeztu behar direla 2011ko maiatzaren 30a baino lehen. 2011ko irailaren 15ean bukatzen da berriz,Lazarillo Sariko Album Ilustratuko alorrean lanak entregatzeko epea. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek OEPLIko Idazkaritzara (Santiago Rusiñol, 8, 28040 Madril) bidali behar dituzte ilustrazioen originalak, maketa eta CDa. 

Lazarillo Sarien 2011ko oinarriak hemen dituzue kontsultagai.