Hemeroteka


Compartir
2017-01-18

"Eskola-liburutegiak zertarako?" hausnarketarako gaia "Behinola" aldizkarian

Iragan abenduan argitaratu zen Behinola aldizkariaren 34. zenbakian eskola-liburutegien egoeraz eta etorkizunaz egindako mahai-inguruak hartu zituen orrialde gehien. 2016an EAEko hezkuntza esparru publikoan ACEX programaren barruan sortutako eskola-liburutegien etorkizuna kinka larrian utzi zuen egitasmo hori bertan behera uzteko Hezkuntza Sailak hartutako erabakiak, eta, horren aurrean, eskola-liburutegien beharraz ohartarazteko, Galtzagorri Elkarteak gaia jorratzea erabaki zuen berak argitaratzen duen Behinola aldizkarian.

Mahai-inguruan bildu genituen Iñaki Markotegi eskola liburuzain gipuzkoarra eta Galtzagorriko lehendakaria; Amaia Hennebutte irakasle ohi lapurtarra; eta Idoia Sobrino liburuzain nafarra. Horrez gain, azken horren eta Fernando Lenguas adituaren iritzi artikulu bana argitaratu ziren aldizkarian.

Litekeena da 2017an erabaki horri buruzko albiste hobeak jasotzea, baina mahai-inguru horrek sortu duen jakin-mina dela eta, Galtzagorri Elkarteak on-line jartzea erabaki du. Hori dela eta, hemendik aurrera sareko bertsioa Behinolaren ISSU plataforman izango duzue irakurgai, hausnarketarako bide emango duelakoan. 

Bestela, ohi bezala paperekoa harpidetza bidez edo ohiko liburu-dendetan eta liburutegietan eskuratu ahal izango duzue.