Hemeroteka


Compartir
2013-09-17

Elena Odriozolaren erakusketa ikusteko azken egunak

Irailaren 15ean itxiko da Elena Odriozola ilustratzailearen erakusketa Aiete Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoan. Bertan ilustratzaileak haur literaturako liburuetarako egindako ilustrazioez gain, ilustratutako liburuak, objektuak, eskulturak eta abar daude ikusgai, Aitziber Alonsok eta Bea Txurrukak Ilustratzailearen Txokorako propio diseinatutako kartoizko armairuetan apailatuta. Azken egunak, beraz, ilustratzaile donostiarraren lanak bertatik bertara ikusteko.

Ondoren, hilaren 17an inauguratuko da Antton Olariagari eskainitako erakusketa.

Elena Odriozola 1967an jaio zen Donostian. Makina bat libururen ilustratzailea da, asko eta asko haur eta gazte literaturakoak. Horietatik asko euskaraz argitaratuak, baina baita beste hainbat hizkuntzetan ere. Sariei dagokionez, besteak beste, Espainiako Kultura Ministerioak ematen duen Haur eta Gazte Literaturan argitaratutako Ilustratzaile Hoberenen Sarian bigarren geratu zen 2005. urtean Aharrausi printzesa lanari esker (OQO). Bere lanak IBBYren Ohorezko zerrendan egon dira sarritan eta 2012. urtean Astrid Lindgren Sarirako hautagai izan da.