Hemeroteka


Compartir
2012-06-24

Elena Odriozolarekin solasean

Euskal Herriko ilustratzaile ezagunenetarikoa gertuagotik ezagutzeko aukera izango da aste honetan Donostiako Elkar liburu dendan izango den solasaldian. Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak antolatuta, Elena Odriozola Galtzagorri Elkarteko bazkide eta irudigilearekin solasaldia egingo da ekainaren 22an, Fermin Calbeton kaleko Elkar liburu dendan, 18:00etan hasita.

Solasaldi honen bidez, Elena Odriozolaren (Donostia 1967) ibilbidea, lana eta lan egiteko modua hobeto ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Odriozolak Artea eta Dekorazioa ikasi zituen eta zortzi urtez publizitate agentzia batean egin zuen lan, hasieran muntatzaile lanetan eta ondoren Arte Zuzendari karguan. Baina 1998an lanbide hori utzi eta ilustrazioan buru-belarri sartzea erabaki zuen.

Harrez gero, estatuko argitaletxe nagusiekin argitaratu ditu bere lanak eta berak ilustratutako liburuak hainbat hizkuntzatara itzuli dira.

2006an Haur eta Gazte Liburuen Ilustraziorik Onenen saria jaso zuen La princesa que bostezaba a todas horas (Aharrausi printzesa) liburuarekin. 2009an, berriz, Ilustrazioaren Euskadi Saria jaso zuen El aplastamiento de las gotas lanarekin.