Hemeroteka


Compartir
2019-03-01

Elena Odriozola Andersen Sarietarako hautagai izendatua izan da berriro

Haur eta Gazte Liburuaren Espainiako Elkarteak (OEPLI), Galtzagorri elkartearekin elkarlanean eta Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin Elena Odriozola ilustratzaile donostiarra aukeratu du IBBYk (International Board on Books for Young People) emango dituen 2020ko Hans Christian Andersen Sarietarako hautagai. Haur Literaturako “Nobel Sari txikiak” bezala ezagunak diren sari hauek bi urtean behin ematen dira 1956tik. 2018ko edizioan ere hautagai izan zen Odriozola.

OEPLIrena da sari hauetara Espainiako Estatutik hautagaiak aurkezteko ardura, IBBYren Espainiako atala den heinean: hautagai bat idazleen atalean, beste bat ilustratzaileen alorrean. Bigarren aldiz, Galtzagorri euskal haur eta gazte literatura elkarteak ilustrazio alorrean aurkeztutako euskal hautagaia (Elena Odriozola) izan da aukeratua eta OEPLIk Andersen Sarietara aurkeztu ahal izango du, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzari esker. Idazleen atalean, clijCAT elkarte kataluniarrak proposatutako Jordi Sierra i Fabra izango da hautagai, Ramon LLull Institutuaren babesari esker. OEPLI, Estatuko lau hizkuntzetako haur literatura elkarteek osatzen dute, eta beraz, horietako bat da Galtzagorri euskal haur eta gazte literatura elkartea. Horregatik bi urtean behin euskal idazle eta ilustratzaileak proposatzen ditu Andersen Sarietarako.

OEPLIk bezala, IBBY osatzen duten beste atalek euren hautagaiak aurkeztuko dituzte sarirako, eta ondoren, Haur eta Gazte Literaturako hainbat adituk osatutako nazioarteko epaimahai batek Hans Christian Andersen Sariko irabazleak aukeratuko ditu. Irabazleak 2020ko Boloniako Azokan emango dira ezagutzera eta sariak IBBYk 2020an egingo duen Biltzarrean banatuko zaizkie.

H.C. Andersen Sariaren bitartez, IBBYk euren obra osoarekin haur eta gazte literaturari ekarpen garrantzitsua egin dioten idazle eta ilustratzaileen lana aitortu nahi du; ibilbide oso bat saritzen du beraz. Eta sari hau Danimarkako Margrethe II erreginak babesten du.

Andersen Saria mundu mailan Haur eta Gazte Literaturan ematen den Sari garrantzitsuenetakoa da. Saria eskuratu duten ilustratzaileen artean daude, besteak beste, Maurice Sendak amerikarra, Anthony Browne eta Quentin Blake britainiarrak, Roberto Innocenti italiarra edo Jutta Bauer alemaniarra. Eta idazleen artean, Christine Nöstlinger austriarra, Gianni Rodari italiarra edota Astrid Lindgren suediarra.

Elena Odriozolak (Donostia, 1967) sari ugari eskuratu ditu orain arte. Besteak beste, 2015eko Espainiako Ilustrazio Sari Nazionala irabazi zuen eta urte berean, Bratislavako Ilustratzaileen Biurtekoaren “Urrezko Sagarra” jaso zuen “Frankenstein” (Nordica Libros, 2013) lanarekin. Birritan jaso du baita ere Ilustrazio Euskadi Saria: 2009an “Aplastamiento de las gotas” (Laberinto de las Artes) lanagatik eta 2013an, “Tropecista” (Bárbara Fiore Editora) obrarekin.

Elena Odriozola Galtzagorri elkarteko bazkide da ia sorreratik eta hainbat urtez izan zen elkarteko zuzendaritza batzordeko kide. Elkartearen logotipoa ere berak sortutakoa da, baita Galtzagorriren 25. urteurrenekoa ere. Baina ez da Galtzagorriri egin dion ekarpen bakarra, izan ere, Odriozolak hainbat areto literario diseinatu ditu, Bularretik Mintzora egitasmoaren logotipoaren eta ilustrazio lan osoaren egile da, baita honen oinordeko Mintzoan Kux-kuxen irudiarena ere. Klis-klasikoak liburu bildumaren egitasmoan ere parte hartu zuen eta beste hainbat lantegitan ere kolaboratu du. Gaur egun ere Galtzagorri elkartearekin kolaboratzen jarraitzen du. Hain zuzen, 2015 eta 2017ko MarraziOak Ilustratzaileen topaketak berak gidatu ditu Gustavo Puerta adituarekin batera.

Arte eta Dekorazio ikasketak egin ostean, publizitate agentzia batean lan egin zuen bere hastapenetan Odriozolak. 1995ean ilustratu zuen lehen aldiz haur literaturako obra bat: Jesus Mari Olaizola "Txiliku”k idatzitako Agure jakagorria (Elkar), hain zuzen. 1998an publizitate lana utzi eta profesionalki ilustrazioaren alorrera lerratu zen. Ordutik, ehun liburu baino gehiago ditu ilustratuak eta horietako asko izan dira beste hizkuntza batzuetan argitaratuak. Besteak beste, hauek:

Agure jakagorria (Elkar), Amona, zure Iholdi (Erein), Txoko txiki txukuna (Elkar), Marlene eta taxizapata (SM), Astoari konfiturak (Aizkorri), Amona basoan galdu zenekoa (Elkar), Dindirri (SM), Kafka eta panpina bidaiaria (Elkar), Ipuinen haria (Ttarttalo), Amilami: laminen istoriak (Elkar), Printzesa begi-zulo (Elkar), Sasi guztien gainetik (Galtzagorri elkartea), Eguberria: 24 ohitura, kantu eta istorio (Nerea), Haizea sahats artean (Erein), Elsa eta paradisua (Giltza), Azken balada (Erein, 2016), En el bosque (Libros del Zorro Rojo, 2017), Euskal herrietako ipuin gaiztoak (Denonartean, 2018).