Hemeroteka


Compartir
2015-10-20

Elena Odriozola ALMA sarietarako hautagaien artean da aurten ere

2016ko Astrid Lindgren Memorial Award sarirako hautagaien zerrenda aurkeztu dute Frankfurteko Liburu Azokan eta aurten ere hautagaien artean da Elena Odriozola ilustratzailea. 59 herrialdetako 215 hautagairen artean dago ilustratzaile donostiarra. Irabazleen izenak 2016ko martxoan jakingo ditugu. 

Espainiaren izenean OEPLI elkarteak aurkezten ditu hautagai batzuen izenak. Aurten honakoak dira ALMArako hautatu dituztenak: Agustin Fernandez Paz idazlea, Jordi Sierra i Fabra idazlea, Miguelanxo Prado ilustratzailea eta Elena Odriozola ilustratzailea. 

Haur eta Gazte Literatura sustatzeko lan egin duten mundu osoko profesionalak eta erakundeak saritzen ditu 2003. urtetik Suediako Gobernuak Astrid Anna Emilia Ericsson (Astrid Lindgren) idazlearen oroimenezko sari honen bidez. Aurten, Hego Afrikako PRAESA egitasmoak eskuratu du saria; 1992az geroztik, Hego Afrikan Haur eta Gazte Literatura sustatzen etengabeko lana egin duen erakundea.