Hemeroteka


Compartir
2008-06-13

Ekainaren 13an ezagutuko dira aurtengo idazle eta liburu gazteak

Ekainak 13an eguerdiko 12:00etan da zita. Ekitaldi honetara Gipuzkoan DBH ikasten ari diren hainbat gazte etorriko dira, besteak beste. Baita hainbat idazle eta argitaldari ere. Izan ere, egun honetan jakingo dugu zein den 2007-2008ko Liburu Gaztea. Baita 2008ko Idazle Gaztea ere.
Liburu Gaztea sariketarako,  Galtzagorri Elkarteko hainbat kidek osatutako aditu batzordeak 2006an argitaratutako honako liburuok aukeratu zituen:

-DBH1erako:
Harkaitz Canoren Lesterren Logika. Elkar
Juan Kruz Igerabideren Ilargia ezpainetan. Erein
Georgia Bynek idatzi eta Jesus Mari Lasak itzulitako Molly Moon eta hipnotismoko liburu magikoa. Erein

-DBH2rako:
B. Masinek eta R. Piuminik idatzi eta Aitor Aranak itzlulitako Asmatu nor naizen. Ibaizabal
Geraldine McCaughreanek idatzi eta Xabi Payak itzulitako Peter Pan eta Jaka eskarlata. Zubia
Miren Agur Meabek idatzitako Urtebete itsasargian. Elkar

-DBH3rako:
Jordi Sierra i Fabrak idatzi eta Miren Arratibelek itzulitako Anaren bakardadea. Erein
Eric-Emmanuel Schmitt-ek idatzi eta Patxi Zubizarretak itzulitako Ibrahim Jauna eta koranaren loreak. Erein
Joxemari Urteagaren Diamantezko miraria. Elkar

-DBH4rako:
Pio Barojak idatzi eta Koro Navarrok itzulitako Zalakain abenturazalea. Alberdania & Elkar
Mark Haddon-ek idatzi eta Xabier Olarrak itzulitako Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia. Igela
Irene Nemirovsky-k idatzi eta Eider Rodriguezek itzulitako Dantzaldia. Txalaparta


Gazteak epaile

Liburu Gaztea lehiaketan, aipatutako aditu batzordeak aukeratzen ditu urtero argitaratzen diren liburuen artean DBHko maila bakoitzerako hiru liburu. Ondoren, ikasleak eurak dira, maila bakoitzean, hiru liburu horien artean aukera egiten dutenak. Bozketa egiten dute eta bozka horiek zenbatu ondoren aukeratzen da maila bakoitzeko LIburu Gaztea. Hori dela eta, ikasleak dira epaimahaia osatzen dutenak, beraien gustukoa den liburu aukeratzen dute beraz.

Horregatik sari hau irabazten duten idazleek, nahiz eta ez duten dirurik irabazten, ilusio handiz jaso ohi dute sari banaketa ekitaldira etortzeko gonbita. Hain zuzen ere, irakurleak eurak direlako sari honen epaileak. Eta epaile lanetan aritzeagatik jasotzen dute ondoren saria ikasleek. Hiru sari banatzen dira bozketan parte hartzen dutenen artean. Lehena 30 pertsonentzako 5 egunetako bidaia da. Azken bi edizioetan Portugalera joan izan dira. Beste bi sariak, bozketan parte hartzen duten beste bi ikastetxeen artean zozketatzen dira eta honen ondorioz, liburuak erosteko 360 euroko bono bana irabazten dute.

Idazkuntza  bultzatu nahian

Liburu Gaztearekin batera sortu zen Idazle Gaztea sariketa. Sariketa honek Gipuzkoako DBHko gazteak idazten jarri nahi ditu, poesian nahiz narrazioan. Bi maila bereizten dira genero hauetako bakoitzean: DBHko lehenengo zikloan parte hartzen dutenak eta DBHko bigarren ziklotik lanak bidaltzen dituztenak.

Aurten 85 lan jaso dira Gipuzkoako DBHko hezkuntza zentro ezberdintatik: 33 lan aurkeztu dira Narrazioa A kategorian eta beste 32 Narrazioa B kategorian. Poesia A kategorian berriz 15, eta 5 lan Poesia B kategorian. Lanak jaso ondoren, Galtzagorri Elkarteko hautaketa batzorde batek gazteek idatzitakoa irakurri eta aukeraketa egiten du. Ondoren Interneteko www.idazlegaztea.org helbidean zintzilikatu ziren kategoria bakoitzetik aukeratutako lan onenak. Orrialde horretara sartu, lanak irakurri eta bozka egiten du edonork irabazleak aukeratzeko.

Kategoria bakoitzean hiru irabazle egoten dira. Lehenengo irabazleek Liburu Gazteako gela irabazlearekin batera doaz bidaian. Beste biek liburu eta diskoak erosteko bono bana irabazten dute.

Hain zuzen, ekainaren 13an jakingo dugu Liburu Gaztean nahiz Idazle Gaztean aurtengo edizioan irabazle suertatu diren idazle, irakurle eta ikastetxeen berri.