Hemeroteka


Compartir
2017-05-18

EHUko Udako Ikastaroetan eskainiko den Haur Literatura Lantegian izena emateko epea zabalik da

Donostiako Haur Liburutegi Nagusian gauzatuko da uztailaren 4tik 6ra, EHUko Udako Ikastaroen baitan, Haur Literatura Lantegia (0-8 arte). Galtzagorri Elkarteak eta EHUk antolaturik, Itziar Zubizarreta Bularretik Mintzorako sortzaile eta diseinatzaileak zuzenduko du lantegia eta Oihana Etxegibel Bularretik Mintzora egitasmoaren zuzendariak eta Juan Kruz Igerabide idazle eta irakasleak hartuko dute parte bertan.

Haur Literatura Lantegi honek lehengo urtean burututakoari jarraipena emango dio eta batez ere praktikoa izango da. Bertan, Haur Literatura sistematizatzeko irizpideak aztertuko dira, poesia eta ipuin adibideak arakatu eta proposamen zehatzak gauzatuko dira elkarlanean.

 

Haur Literaturak sostengatzen du haurraren garapen emozionala eta intelektuala, neurri handi batean; gainera, irakurketa sustatzeko baliabide paregabea da eta hizkuntzaren kalitatea hobetzen du... Onura guzti horiek ordea, ez dira atzemango Haur Literaturaren erabilpen sistematizatu bat egiten ez bada. Hain zuzen ere, erabilpen sistematizatu hori egiteko bideak arakatuko dira lantegi honetan, modu praktikoan.

 

Bularretik Mintzora egitasmoaren oinarri diren baliabide literario ugari erakutsiko dira saioetan zehar, horrela esperientzian oinarritutako ezagutza helaraziko zaie partaideei.

 

Gai honen inguruan interesa duten guztiei bideratuta dago lantegia, izan guraso, irakasle, bibliotekari, ikasle…Matrikula egiteko epea zabalik dago eta %15eko beherapena du maiatzean zehar egiten bada. Informazio zabalagoa eta izen-ematea hemen egin daiteke: hemen