Hemeroteka


Compartir
2023-09-20

EHGLko profesionalei egun oso bat eskainiko die aurtengo Ikusi Mikusik

Hirugarren ekitaldia beteko du aurten Ikusi Mikusi Euskal Haur eta Gazte Literatura Azokak. Urriaren 20 eta 21ean burutuko da Sarako herrian. Ohi bezala egitarau oparoarekin dator aurtengoa. Eskolentzako eguna izango da lehenengoa eta familiei eskainia bigarrena. Berritasun gisa, urriaren 20an ikastetxeei eskainitako egunarekin batera, Euskal Haur eta Gazte Literaturaren inguruko profesionalentzako egun osoko egitaraua eskainiko du Ikusi Mikusik.

 

Mari Gorrik, Galtzagorrik eta Pamielak antolatzen dute Azoka, baina Profesionalentzako egun hau prestatzeko EHUren, EKEren eta Bilketa Baionako Mediateka Sarearen lankidetza izan du Ikusi Mikusik. Hastapenetik egin dugu Ikusi Mikusiko antolatzaileok haur liburuaren katean lan egiten duten profesionalak bertan elkartzeko saiakera. 2021ean, mahai-inguru bat antolatuz; 2022an, argitaletxe eta egileen arteko “speed-dating” erako topaketak burutuz. Hirugarren edizioan, pauso bat gehiago eman, eta egun osoko egitaraua eskainiko du Ikusi Mikusik.

 

Denentzako eskaintza

Pro Egunean Haur eta Gazte Literaturarekin lotura edo interesa duen orok parte har dezake: bibliotekari, sortzaile, argitaldari, irakasle, ikasle… Hain zuzen ere, ikuspegi zabal hori bilduz prestatua izan da aurtengo egitaraua. Goizeko 9:00etatik hasita, Sarako Herriko Etxean, besteak beste, liburutegietan animazio ekintzak antolatzen dituzten artistekin topaketak, Haur Literaturan euskalkien presentziak ekartzen dituen estrategia eta ikuspegi ezberdinak eztabaidatzeko mahai-ingurua, editore eta sortzaileen arteko hitzorduak… izango dira. Tartean, Galtzagorri elkarteak antolatzen dituen egitasmoen eta horietan eskaintzen dituen baliabideen aurkezpen bat ere eskainiko dugu. Egunaren egitarau osoa hemen kontsultatu daiteke.

 

Ikusi Mikusi Pro Egunean parte hartzeko beharrezkoa da izena ematea, helbide honetara idatzita:  stephanie.medrano@le64.fr

Eta orokorrean, Ikusi Mikusiren 3. edizioari buruzko informazio osoa azokaren web gunean topatu daiteke.