Hemeroteka


Compartir
2010-12-10

Donostiako Haur Liburutegia Bularretik Mintzora kanpainan sartu da

Haur Literaturak lagundu egiten dio haurrari hizkuntza lortzen. Hasi sehaska kantuekin eta jolas txikiekin eta ipuinak entzutera iritsi arte, bere gaitasun linguistikoa garatzeko lagungarri aparta dugu haur literatura eta honen etengabeko erabilpena.

Beraz, txiki-txikitatik esperientzia hau partekatzeak giro afektibo eta sozial egoki bat sortzen lagunduko dio haurrari bere hizkuntzaren garapenean garrantzi handia hartuko duena.

Hizkuntz esperientzia hau nahita ez inguruko helduekin partekatu beharko dute, horregatik Galtzagorri kanpaina hau helduekin lantzen saiatzen da: guraso, irakasle eta bibliotekariekin. Gure apustua da etxeetan kalitatezko testuen bidez, egunero denbora tarte bat partekatzea. Etxeko nagusiek haurrei ipuin, kanta eta jokoak transmititzea ezinbestekoa da. Horretarako guraso berriei formazio tarte batzuk eskaintzen dizkiegu. Tradiziozko egiturak, kalitatezko liburuen bibliografiak eta hauek erabiltzeko baliabide eta baldintzak jorratzen ditugu.

Eskoletan hizkuntzaren erabilpen sistematizatua hizkuntza formalaren bidez gauzatzen da, batez ere. Baina oso leku gutxi hartzen du emozioen hizkuntzak, hain zuzen Haur Literaturak ipuinen bidez sorrarazten duen horrek.

Euskararen kasuan gertatzen ari da hizkuntza neutro eta afektu eta harremanetatik urrun dagoen hizkuntza neutro bat transmititzen ari garela. Gure apustua da kalitatezko testuen erabilpena bultzatzea modu sistematizatu batean eta irakasleei tresna egokiak eskaintzea irakurzaletasunaren aldeko ekimen ordenatuak beren curriculumean txertatzeko.

Liburutegiak biltzen ditu bere baitan ekimen guzti hauek, guraso eta irakasleen formazioa eta ondoren azalduko ditugun maletak eta informazio foiletoak, eta, kasuan kasu, baita irakurketa klubak ere.

 

EBALUAZIOA ETA LEHEN EMAITZAK

Arestian aipatu gisa, Bularretik Mintzora kanpaina sistematizatu bat izateko bokazioz jaio zen. Horregatik, kanpainaren baitan egitasmoak, gomendioak, liburu zerrendak, mailegurako maletak eta abar prestatzeaz gain, ekimen guzti horiek benetan haurren irakurtzeko zaletasunean duten eragina aztertu nahi da. Modu honetan, pixkanaka errebisatzen goaz eskaintzen ditugun proposamenak eta horiek aldatzen eta berritzen; baina batez ere, egitasmoaren helburuak eta edukiak etengabe berrikusten ditugu.

Aipatutako ebaluazio hori gauzatzeko, gurasoentzako, irakasleentzako eta bibliotekarientzako galdekizunak sortu dira. Haurren gurasoek bi txandatan egingo dute: hasieran, haurrak HH1ean daudenean; eta bukaeran, HH3an daudenean. Beraz, 3 urteko haurren eta 5-6 urteko haurren gurasoek beteko dituzte. Modu honetan aztertuko da kanpaina gauzatzen den lekuetan haur horiek eta euren gurasoak zein puntutik abiatzen diren lehenengo eta zein egoeratan dauden, irakurtzeko zaletasunari dagokionez, hainbat ekimen garatu ostean.

Kanpainan parte hartu nahi duten gurasoek horretarako konpromisoa hartzen dute, hau da, ebaluazio orria betetzeko. 2009-2010. ikasturtean banatu zen lehen galdekizuna, ikusteko zein egoeratik abiatzen ginen bost herri hauetan: Amurrio, Ermua, Iurreta, Oñati eta Tolosa. Kasu honetan 0-5 urteko haur guztien gurasoei banatu zitzaien galdekizuna, guztira 2.212 banatu ziren eta jaso, 1.138 jaso ziren. Horrek esan nahi du %51,5ak erantzun zuela eta beraz, gurasoek interes handia dutela irakurtzeko zaletasunaren inguruko egitasmoak lantzeko garaian. Guraso hauek borondatez erantzun baitute, inolako betebeharrik ez zuten honekiko. Irakasleei berriz, 135 galdekizun banatu zitzaizkien eta horietatik 110 jaso. Emaitza oso baikorra da beraz. Hasierako galdekizun hauekin zera jakin nahi zen: ea gurasoek eta irakasleek zein ohitura eta joera zituzten haurrekin irakurketa lantzerakoan, Haur Literaturako baliabideei buruz zer ezaguera maila zuten eta zer espero zuten Bularretik Mintzora egitasmoaz.

Gurasoen erantzunekin osatutako txosten bat aurkituko duzue hemen.

 

BULARRETIK MINTZORA LIBURU-DISKOA

Itziar Zubizarretak zuzendu, Elena Odriozolak ilustratu eta Aurélio Edler Copések musikatu du. 0 eta 6 urte bitarteko haur txikien guraso eta hezitzaileentzat bideratuta dago. Haiek kantatzeko, kontatzeko, jolasteko eta esateko eredu garbiak eskaintzen dira liburu disko honetan, guraso eta irakasleek joko horiek ikasi eta haurrekin ahots bizian erabiltzeko. Bestalde, musikak ez du hizkuntza estaltzen, ezta kadentzia bortxatzen erritmo arrotzak inposatuz. Egitura hauek tradizioak guri ekarri dizkigun modura daude moldatuak, hizkuntzaren sena gordez. CD-liburu honetan, literatur tradizioaren galerari aurre eginez, sehaska kantak, esku jolasak, eta abar bildu ditugu; eta haurren irakurketa ohiturak sustatzeko, hezitzaile eta gurasoentzako tresna egoki bat moldatu dugu beren haurrekin erabili ditzaketen jolas, kanta eta ipuinak ezagutzeko, liburutegian mailegatu daitezkeen liburu maleta bakoitzean topatuko dute Bularretik Mintzora CD-liburu bana.

CD-liburu berri bat prestatzen ari gara, non euskal ipuin sorta bat, poesiak eta kantak bilduko diren. Ipuin hauek zuzenean hartu ditugu etnografoak eta folkloristek argitara eman zuten tradiziotik. Batzuk ezagunak dira gure artean, beste hainbat ez dira inoiz argitaratu orain arte.

 

GOMENDIOZKO FOILETOAK

Orain artean, honako foiletoak sortu ditugu kanpainaren baitan:

- Aurkezpenak eta azalpen diptikoak euskaraz eta gaztelaniaz: Bertan agertzen zaio irakurleari haur txikiei jaiotzez “irakurtzeak” duen garrantzia bere garapen osoan.

- Gurasoentzako gomendio praktikoak jasotzen dituzten foiletoak, beren haurrekin egunero gune berezi bat sortu eta harekin aritzeko kantari, irakurtzen edota poesiak esan eta ilustrazioa duten liburuei begira.

- Irakasleentzako gomendio praktikoz beteriko foiletoak.

- Liburu zerrendak: Bibliografia praktiko hauetan, liburu zerrenda anitza eskaintzen zaie guraso nahiz irakasleei. Haurrek bakarrik erabiltzeko liburuak, gurasoek haurrei irakurri eta erakusteko liburuak, etxean edukitzeko moduko liburuak. Adinen garapenari ere begiratzen zaio; 0-3 urte bitarteko liburuak eta 3-6 urte bitartekoentzat. Liburu zerrenda hau aldatzen doa urtez urte.

 

LIBURUEN MALETAK

Liburuz beteriko 130 maleta osatu dira guztira dagoeneko, liburutegitik etxeetara mailegu gisa eramateko. Maleta guztietan, liburu aproposak eskaintzen ditugu etxean begiratu, irakurri, entzuteko eta jolasak egiteko. Maleta bakoitzean, “Bularretik Mintzora” liburu-CD bat sartu dugu, eta gomendiozko foiletoak.

Material hau urtez urte berritzen joango gara aukera desberdinak eskainiz, liburutegietako fondoak astindu eta haur liburu onak ezagutzera emateko pixkanaka haur liburuaren inguruko kultura zabaltzeko. Maleta horietako batzuk hiru eta sei urte bitarteko haurrentzat dira, eta besteak zero eta hiru urte bitartekoentzat.

 

ESKOLETAKO MOTXILAK

Parte hartzen duten eskoletako gela bakoitzak motxila bat du. Astean behin, haur batek hartu eta, bere inguruko helduen laguntzaz, bibliotekara joango da nahi duen liburua aukeratzera. Liburu hori etxera eramango du eta hurrengo egunean eskolara. Gelan aste betez edukiko dute liburu hori eta behin eta berriz ikusiko dute astean zehar. Hurrengo astean, beste gelakide batek aurreko liburua itzuliko du liburutegian, bere gustuko bat aukeratu, eta zirkuitua berriz martxan jarriko du: liburutegia, etxea, eskola lotuz.

 

WEB GUNEA

www.bularretikmintzora.org Web gune bat sortu da; bertan, gaiari loturiko interesezko hainbat informazio aurkitzeko aukera dago. (Gaur egun diseinu berria garatzen ari den arren, bisitagarri dago).

- Artikuluak, bibliografia desberdinak

- Gomendioak, proposamenak, saio eredugarrien komentarioak.

- Blog bat, iritziak eta eztabaidak zabaltzeko...

- Bularretik Mintzora garatzen ari den herri bakoitzean gauzatzen ari diren ekintzen berri.