Hemeroteka


Compartir
2015-12-20

Deskargatu eta goztau Maria Goikoak Batbirulau! app-arekin

Aurten, Galtzagorri Elkartearen 25. urteurrenarekin batera, Galtzagorrik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, XXI. mendeko euskarrietara ekarri du Euskarazko Haur Literaturako klasiko bat, Anjel Lertxundi eta Antton Olariagaren Maria Goikoak batbirulau! Liburuarekin jolas egiteko app bat sortu du.

Argitalpen horren berezko izaera jostariari eutsiz, jolaserako proposamen berriak eta errealitate areagotuan birsortutako irudiak biltzen ditu app honek: puzzleak, memoria-jokoak, hitz-jokoak, 7 desberdintasunak bilatzeko jokoak, abestiak, 2.5D efektuko irudiak, eta bestelako hainbat joko.

Androidetarako eta iphone/ipad-etarako bertsioan eskura daiteke dohainik bakoitzari dagokion saltoki birtualean. Eta internet bidez ordenagailuan ere erabil daiteke. 

 

Tradizioa eta modernitatea

Papera eta teknologia berriak uztartzea, tradizioa eta modernitatea batzea, eta literaturaz eta aisialdiaz euskaraz eta euskarri teknologiko desberdinen bidez gozatzeko aukera berri bat eskaintzea da app honen helburua. Erabili ahal izateko komenigarria da paperezko liburua esku artean izatea. Horrela, papera eta jatorrizko obra dira egungo teknologia berrien munduan murgiltzeko giltza nagusia. Izan ere, app-ak eskaintzen dituen jolasekin gozatzeko eta liburuko hainbat orrialde errealitate areagotuan ikusi ahal izateko, beharrezkoa da paperezko liburua esku artean izatea.

Tableta eta telefono adimendunetan ez ezik, aplikazioa Galtzagorri Elkartearen web gunean ere erabilgarri dago. Modu horretan, ahalik eta publiko zabalenari irakurketaz gozatzeko aukera berria eskaini nahi diogu. Aplikazioa martxan jarri aurretik, automatikoki Unity programa deskargatzen da, eta berau exekutatzean izango da erabilgarri aplikazioa.

App honekin irakurzaletasuna sustatzen jarraitu nahi dugu modu erakargarri eta ludikoan, kalitateari muzin egin gabe, eta, haur eta gazteengandik geroz eta gertuago dagoen esparru batera gerturatuz: multiplataforma erako aplikazio digitalak.