Poropopoesia galaktikoa titulua jarri diogu Gonagorriren bosgarren denboraldiko lehenengo piezari. Poropopoesia izena Hegoak espazioko Saroa Bikandiri eta Peru Magdalenari ostu diegu, hala deitu baitzioten haurrekin poesia lantzeko egiten duten tailerretako bati. Beste poesia tailer batekin haur koxkorragoak planetaz betetako beste galaxia batera eramaten dituzte non, besteren artean, Metaforakis planeta dagoen. Bikandik eta Magadalenak poesia haurrekin nola lantzen duten kontatu digute, gorputzekin, eskuekin, ahotsekin, irudimenarekin, ilustrazioekin... Eta, berritasun gisa, elkarrizketan tartekatu ditugun soinu-piluletan zer eta haurrak entzungo dituzue poesian.
Elkarrizketaz gain, Lore Agirrezabalek euskarazko poesiaren panorama marraztu du eta Iraia Urrestilla gaztetxoak liburu-gomendio bat egin digu, ederki egin ere. Kontaketa, edo errezitaldia, Intza Alkainen ahotsetik.
On egin!