Hemeroteka


Compartir
2017-04-08

Dena prest BIKO-TEKA liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrerako

Idazle eta ilustratzaileek osatutako zortzi bikote izan dira hautatuak astelehen honetan, hilak 27, hasiko den BIKO-TEKA Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrean parte hartzeko. Horietako zenbait bikotean aurkeztu dira; beste asko bakarka, eta Harkaitz Canok eta Aitziber Alonsok bikotu dituzte.

Hain zuzen ere, Alonsok eta Canok gidaturik, hauexek izango dira Iruñeko San Frantzisko Liburutegian hiru egunetan zehar ikastaro trinko honetan parte hartuko dutenak: doia Zufiaurre eta Enara Insausti; Eneko Ugarte eta Edu Zelaieta; Mikel Larraioz eta Peio Iturri; Helena Azkarragaurizar eta Garazi Arrula; Irantzu García eta Jon Martin; Paula Estévez de Diego eta Ainara Azpiazu; Mikel Maiza eta  Cristina Etxabe; Saioa Gota eta Oihane Garmendia.

 

Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Iruñeko Udalaren lankidetzarekin lehen aldiz antolatu duen tailer honetan liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu eta marraztu daitekeen landuko dute aipatu zortzi lan-bikoteek. Goiz eta arratsaldez jardungo dira, datorren astelehenetik asteazkenera.

 

Tailerraren xede nagusia haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Zentzu honetan, hautagaien arteko aukeraketan, egile berriak lehenetsi dira. Kasuren batean, ilustratzaileren bat, idazle lanetan ariko delarik.

 

Tailer honen emaitza gisa, parte hartzen duen bikote bakoitzak haurrentzako album ilustratu baten proiektua abiatzea lortu nahi da. Hain zuzen, proiektu horren abiapuntua, hasierako ideia, pentsatuta ekartzeko eskatu diete irakasleek lan-bikote hauetako bakoitzari, astelehenean lanean hasi ahal izateko.