Hemeroteka


Compartir
2019-01-25

Dani Fanoren lanak ikusgai daude Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoan

Fanoren 20 bat ilustrazio martxoaren 10era arte ikusi ahalko dira; ondoren Maite Mutuberriaren erakusketa zabalduko dute.

Dani Fanoren (Donostia, 1968) komiki binetak, aldizkarien azalak, material didaktikorako egindako kolaborazioak, liburuen azalak, zirriborroak, inspirazio iturri dituen elementuak eta beste hainbat material ikusgai daude Aieteko Kultur Etxeko Ilustratzailearen Txokoan. Fano moldakortasun eta trebetasun artistiko handiko ilustratzailea da eta bildumak 1990eko hamarkadatik egindako lanak jasotzen ditu. Halaber, erabili dituen euskarriak nahiz elementuak eta lan egin duen testuinguruak ere ikusgai daude.

Fanoren bildumak egungo komunikabideetako euskarrietan narrazio grafikoak duen garrantziari azpimarra egiten dio. Xabiroi aldizkaria koordinatzen du Fanok 2005etik. Aurten Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak (Astiberri) komikia argitaratu du. Aurretik argitaratutakoak honakoak dira: TeleATOI: Kalabaza Haluzinogenoak (Euskal Herriko Ikastolen konfederazioa, 2010) eta Anubis 3.0: Arimaren Pisatzea,Asisko Urmenetaren lankidetza bereziarekin ( Ikastolen Elkartea, 2012).

Ordutegia

Erakusketa martxoaren 10era arte zabalik egongo da Ilustratzaileen Txokoan.

• Urtarrilak 7-martxoak 10. Asteartetik ostiralera: 16:00-20:30. Larunbatak: 10:00-14:00 / 16:30-20:00. Igandeak: 10:00-14:00

• Abenduaren 21etik urtarrilaren 6ra. Asteartetik igandera: 10:00-14:00. Larunbatak, urtarrilaren 5a eta 19a izan ezik: 10:00-14:00 / 16:30-20:00

• Urtarrilak 5 eta 19: 10:00-14:00

• Astelehenak eta jaiegunak (urtarrilak 1 eta 6): itxita

2012tik honakoak dira Aieteko Kultur Etxeko txokoan euren obra erakutsi duten ilustratzaileak:

Iban Barrenetxea, Eider Eibar, Elena Odriozola, Antton Olariaga, Maite Gurrutxaga, Aitziber Alonso, Jokin Mitxelena, Estibalitz Jalón, Jon Zabaleta, Belén Lucas, Leire Urbeltz, Marraz(i)oak Ilustratzaileen Topaketetako artisten lanak, Asun Balzola, Iñaki Martiarena “Mattin” , Ainara Azpiazu “Axpi”, Concetta Probanza, Unai Zoco, Begoña Durruty, Maguma, Dani Maiz, Lorena Martinez Oronoz eta Idoia Beratarbide.

Ilustratzaileen Txokoak ez du erakusketa soil izateko bokaziorik. Ilustratzaileen lana jendartean ikusarazi eta profesional hauen lan egiteko moduak, inspirazio iturriak eta sortzen dituzten formatu anitzak erakusgai jarri nahi ditu.