Hemeroteka


Compartir
2008-12-03

Bularretik Mintzora kanpaina abiatu da dagoeneko

Egitasmo berri hau kanpaina sistematizatu bat izateko bokazioz jaio da. Haur txikien guraso eta hezitzaileei zuzenduta dago. Bere helburu nagusia da 0-6 adin tarteko haurrengan irakurketa ohiturak sustatzea gurasoekin eta haien hezitzaileekin, beren ingurune naturalean: etxean, eskolan eta liburutegian, hain zuzen. Egoitza hauetan, giro irakurle bat sortzeko bideak jorratu eta modu natural batean irakurtzeko, kontatzeko eta entzuteko ohitura sustatu. Noski, kanpaina hau pausoz pauso joango da martxan jartzen, emaniko urratsak ebaluatu eta ondorioak kontuan hartuko dira hurrengo pausoak markatzeko.


Haurrei irakurtzen eman
Haurrek jaiotzen direnetik gauza asko behar dituzte modu egokian garatzeko: inguruarekin komunikatu (bere gurasoekin, zaintzaileekin...), errealitatea pixkanaka ezagutu eta horretan seguru sentitzea eta beste hainbat eta hainbat. Baina, behar horiek asetzeko, haur txikiek oraindik ez dituzte garatuak trebetasun kognitiboak, ezta hizkuntz trebetasunak ere gauzak eskatu eta adierazteko, honek aprendizai luze bat eskatzen du.

Haur txiki horren beharrei aurre egiteko, bere inguruko helduek, altxor preziatu bat daukate. Hau modu egokian erabiltzen badute, ondorio magikoak sortuko ditu haurraren adimena, hizkuntza eta emozioak garatzeko eta haiekin lotura afektibo sendo bat finkatzeko ere. Altxor hori, Irakurketa da. Haur txiki batek dasta dezake altxor horretatik baldin eta bere heldu horiek "irakurtzen ematen badiote", jaten ematen dioten bezalaxe. Zentzu honetan “irakurtzen ematen” diogunean, haurraren garapen intelektuala, emozionala, soziala eta hizkuntzarena estimulatzen ditugu. Horrez gainera, emozionalki ongi sentiaraziko diogu bere tentsioak lasaitzen dituelako, bere beldurrak uxatzen dituelako, ipuinak berak “sentiarazten” diolako eta gozamena sentitzen duelako berak maite duen heldu horrekin momentu goxo, zoragarri eta magiko bat pasatuz. Zergatik ematen dira onura guzti horiek? Sehaska kantu bat abesten dugunean, poesia bat irakurtzen ari garenean, marrazki bat haurraren aurrean jartzen dugunean edo ipuin bat kontatzen dugunean, haurraren maila psikologiko eta afektibo berean komunikatzen ari garelako; hau da, irudimenaren, fantasiaren, errealitatearen, posibilitatearen, keinuen eta hitzen joko mailan jartzen garelako alegia.

Beste aldetik, haur txiki horri « irakurtzen ematen » diogunean, komunikazio afektibo bat sortzen da bera eta bere helduen artean. Gertakizun hau erabakigarria da lotura afektibo bat finkatzeko. Lehenengo urteetan komunikazio hau zentzumenen bidez ematen da (hitza, ukimena, begirada, keinua, …). Gero, irakurketa eta idazketaren aprendizaiarekin, beste bide bat zabaltzen da komunikazioan. Baina, heldu baten laguntza eta “presentzia” ezinbestekoa da komunikazio hori burutzeko.


Ekimen berritzailea


Bularretik Mintzora izeneko egitasmoa erabat berria da Euskal Herrian. AEB-etan, Britainia Handian, Italian, Suedian eta Katalunian egindako antzeko egitasmoen ildo berean dago. Ekimen guzti hauek haurren osasuna kontzeptu orokor eta oso gisa hartzen dute kontuan. Izan ere, frogatua dago txikienen osasunean literaturak eta irakurketa ozenak berebiziko garrantzia dutela: ipuin eta istorio txikien bitartez, abesti eta esku-jolasen bidez … zuzenean konektatu daiteke haurren munduarekin eta beraien beldur eta sentimenduekin.

Gurera ekartzean, epe desberdinak eta estrategia propioak markatuko dira, beste herrialdeetan egin den bezalaxe, gure beharrei erantzun nahian. Kontuan hartu behar izan dira agian beste herrialde batzuetan halako garrantzia ez duten hizkuntzaren degradazioarekin zer ikusia duten elementuak. Izan ere azken berrogei urte hauetan, egitura literarioen transmisioan eten nabarmen bat suertatu da; lehen etxeetan gauzatzen zen transmisio hori ez da egiten; gurasoek ez dituzte egitura horiek ezagutzen eta etxeetan errelebo hori teknologiaren esku geratu da. Galera horrekiko kontzientzia berri bat piztu nahi dugu eta, aldi berean tresnak eskaini haurren ondoan dauden helduek tradizioko literatur egiturak ezagutu eta haien erabilpena bultzatzeko.

 
Kanpainaren nondik norakoa
Bularretik Mintzoraren lehen urratsak Tolosan eman ziren 2007ko abenduan hasi eta 2008ko apirila bitartean. Bertan egin zen protokoloaren lehen froga, eta ebaluatu zen egitasmoaren protokoloa, batez ere.

2008ko urrian, abiatuko da esperientzia pilotu gisa aukeratu diren gainontzeko lau herrietan ere: Iurreta, Ermua, Oñati eta Amurrion, hain zuzen. Denetan formazio hitzaldiak gauzatuko dira helduentzat herriko liburutegian eta material ugari banatuko da egitasmoarekin aurrera egiteko.

Hauexek dira herri bakoitzean garatuko diren hitzaldi eta ikastaroak:

-Juan Kruz Igerabide poetaren hitzaldia: Bularretik Mintzora: Poesia hizkuntza afektiboaren oinarrian
-Juan Karlos Alonso psikologoaren hitzaldia: Haur Literaturaren eragina haurraren garapenean.
-Pello Añorga ipuin kontalari eta idazlearen ikastaroa: Guraso eta hezitzaileentzat, nola kontatu, irakurri, begiratu liburu bat.
-Itziar Zubizarreta irakasle eta narratzailearen ikastaroa: Irakasleentzat, Haur literatura nola sistematizatu eskolan.

 

 


Materiala: CD-liburua, foiletoak eta liburu maletak eta motxilak


Itziar Zubizarretak zuzendu, Elena Odriozolak ilustratu eta Aurélio Edler Copések musikatutako Bularretik Mintzora CD-liburua du oinarri egitasmo honek. 0 eta 6 urte bitarteko haur txikien guraso eta hezitzaileentzat bideratuta dago. Haiek kantatzeko, kontatzeko, jolasteko eta esateko eredu garbiak eskaintzen dira liburu disko honetan, guraso eta irakasleek joko horiek ikasi eta haurrekin ahots bizian erabiltzeko.

CD-liburu honetan, literatur tradizioaren galerari aurre eginez, sehaska kantak, esku jolasak, eta abar bildu ditugu; eta haurren irakurketa ohiturak sustatzeko, hezitzaile eta gurasoentzako tresna egoki bat moldatu dugu beren haurrekin erabili ditzaketen jolas, kanta eta ipuinak ezagutzeko.

Foiletoei dagokionez, era ezberdinetakoak sortu dira kanpainarako: gurasoentzako eta irakasleentzako aholku foileto bana, non gomendio praktiko batzuek ematen zaizkien; liburu zerrenda bat non askotariko liburuak aholkatzen zaizkien guraso nahiz hezitzaileei; kanpainaren berri ematen duten foiletoak...

Bestalde, liburuz beteriko 50 maleta osatu dira, liburutegitik etxeetara mailegu gisa eramateko. Maleta guztietan, liburu aproposak eskaintzen ditugu etxean begiratu, irakurri, entzuteko eta jolasak egiteko. Maleta bakoitzean, “Bularretik Mintzora” liburu-CD bat sartu dugu, eta gomendiozko foiletoak. Material hau urtez urte berritzen joango da aukera desberdinak eskainiz, liburutegietako fondoak astindu eta haur liburu onak ezagutzera emateko pixkanaka haur liburuaren inguruko kultura zabaltzeko. Maleta horietako batzuk hiru eta sei urte bitarteko haurrentzat dira, eta besteak zero eta hiru urte bitartekoentzat.

Azkenik, parte hartzen duten eskoletako gela bakoitzak motxila bat izango du. Astean behin, haur batek hartuko du eta, bere ingurukoen laguntzaz, bibliotekara joango da nahi duen liburua aukeratzera. Liburu hori etxera eramango du eta hurrengo egunean eskolara. Gelan aste bete edukiko dute liburu hori eta behin eta berriz ikusiko dute aste horretan, hurrengo liburua azaldu arte.