Hemeroteka


Compartir
2015-02-07

Bularretik Mintzora Iurretako anbulatorioan ezarri da

Zazpi urte beteko dira aurten Iurretan Bularretik Mintzora egitasmoa abian jarri zela eta eman dituen emaitza onak ikusita, beste urrats bat ematea erabaki du Iurretako Udalak: Bularretik Mintzora anbulatorioan ere ezarriko da. Horrela, haurtxoak Osakidetzak ezarritako osasun kontroletara doazenean, artatzen dituzten profesionalek irakurzaletasuna familian lantzeko gomendioak emango dizkiete gurasoei. Aurretik, Abusu-La Peñako anbulatorioan ezarri da Bularretik Mintzora.

Irakurzaletasunak gizakion garapen emozional eta intelektualean duen garrantzia aintzat hartuta, urrats garrantzitsua eman du Iurretako Udalak. Hori dela eta, Bularretik Mintzora egitasmoa Iurretako haurtxo guztiengan helduko da herriko Osasun Zentroaren laguntzari esker.

Iurretako Herri Bibliotekak, Gizarte Ongizate Sailaren laguntzarekin, 2014ko urtearen erdialdetik Osakidetzarekin eta Galtzagorri Elkarteko profesionalekin lanean dihardu, herriko Pediatria Zerbitzuan proiektu honen beste urrats bat txertatu eta eskaini ahal izateko.

2014ko udazkenean anbulatorioko profesionalek irakurzaletasunari buruzko formazioa jaso dute Itziar Zubizarretaren eskutik. Horren helburua 2015 eta 2106 urteetan jaiotako haurrekin osasun kontroletan irakurzaletasuna landu eta sustatzeko protokoloa diseinatzea izan da. Hau da, hemendik aurrera, Osakidetzako profesionalek irakurzaletasuna familian lantzeko gomendioak emango dizkiete gurasoei. Horretarako material egokia banatuko zaie eta gaia nola lantzen duten ikusteko jarraipena egingo zaie.

Zazpi urteko ibilbidea

2008ko udazkenaz geroztik 0-8 urteko haurren artean eta euren familietan irakurzaletasuna sustatzeko egitasmoan parte hartzen ari da Iurretako Udala. Orain arte eskola eta familian zentratu dira, biblioteka izan delarik bi ingurune horien elementu bateratzailea. Zazpi urte horietan, guraso zein herriko eskolako hezitzaileei irakurzaletasuna lantzeko formazioa eskaini die Galtzagorrik. Horrez gain bibliotekaren bitartez haurrekin lan hori zuzenean praktikan jartzeko ekimen ugari bultzatu dira, besteak beste, orain martxan dauden Irakurketa Klubak.

Beraz, hamarkada bete aurretik, egitasmoa are gehiago zabaltzeko apustua egin du Iurretako Udalak: anbulatorioko Pediatria Zentroko profesionalen laguntzarekin, herriko jaioberriengana heltzeko bidea zabaldu du, irakurzaletatzearen onurak herritar guztiek jaso ditzaten.