Hemeroteka


Compartir
2013-01-14

Bularretik Mintzora garatzen ari den herrietako familietan irakurtzeko zaletasuna finkatzen ari da

Galtzagorri Elkarteak plazaratu berri ditu Bularretik Mintzoran parte hartzen duten haurren gurasoen artean 2011-2012. ikasturtearen bukaeran banatu zituen galdekizunen emaitzak jasotzen dituen txosten orokorra eta bertatik ateratako ondorioen txostena. Ebaluazioa, 2009-2010. ikasturtetik 2011-2012. ikasturtera bitartean egitasmoan parte hartu duten Haur Hezkuntzako haurren gurasoei egin zaie EAEko herri hauetan: Amurrio, Aramaio, Ermua, Iurreta, Markina-Xemein, Oñati eta Tolosa. Guztira 15 ikastetxeetan 580 galdekizun banatu ziren. Eta horietatik, gurasoek betetako 278 jaso dira. Herri eta ikastetxe horietako 5 urteko umeen gurasoen ia %50ak erantzun du beraz.

Ebaluazio honekin zera neurtu nahi izan da:

·Bularretik Mintzora egitasmoa abian jarri zenetik, zer nolako aldaketak eman diren, gurasoen iritziz, haurren irakurketa ohituretan, hiru esparruetan: eskolan, etxean eta liburutegian.

·Bularretik Mintzora egitasmoak antolatu dituen formazio ekimenak baloratu.

·Bularretik Mintzora kanpainan eskaini den Haur Literaturako materialaren inguruko balorazioa egin: gomendatutako liburu-ipuinak, CD-ak, foiletoak, esku orriak, …

 

Galdekizun horiekin haurren irakurtzeko zaletasuna benetan sustatu ote den neurtu nahi da. Horretarako, 16 aldagai neurtzen dira. Bada, horietatik, 12etan eman dira hobekuntzak. Orokorrean, esan daiteke bada, irakurtzeko zaletasuna finkatzen ari dela ebaluatuak izan diren herri horietako familietan.

 

Jarraian dituzue ebaluazio honen emaitzak laburtuta:

 

 Hobekuntza nabarmena izan duten aldagaiak hauek izan dira:

 

.Irakurketarekiko jarrerak: 2012an banatu zaien galdekizunean, gurasoen %44ak dio “komunikazioa indartzeko” eta “erlaxatzeko” bezalako arrazoiengatik irakurtzen dutela haurrekin. Honek esan nahi du Bularretik Mintzora egitasmoak gurasoek haurren irakurketa plazerarekin, komunikazioarekin eta afektibitatearekin lotzea lortu duela eta hasierako ebaluaketarekin konparatuz, garrantzi gutxiago ematen diotela orain irakurketaren beste helburuei, hala nola, “distraitzeko” , “gauzak ikasteko” eta “jolasteko” irakurtzeari.

 

.Ipuina kontatzeko estrategiak: Orain guraso gehiago daude ipuina irakurtzen dutenak, %14 gehiago; gehiago daude, baita ere, ipuina kontatzerako garaian beste estrategiak erabiltzen dituztenak, %17 gehiago, eta ipuinaren irudia erakustera edo komentatzera mugatzen ez direnak bakarrik.                  

 irudia 

Azken aldaketa honek esan nahi du estrategia edo kontatzeko baliabide gehiago eskuratu dituztela, Bularretik Mintzoraren gurasoen formaziorako ekintzen bitartez, besteak beste.

 

.Kontatzeko inguruko baldintzen kontrola: Orain gurasoek kontakizunaren kalitatea gehiago zaintzen dute, momentu garrantzitsua dela uste dutelako, ongi kontatu nahi dutelako. Gehien kontrolatzen duten baldintza norberaren egoera psikoafektiboa da (erlaxaturik eta motibaturik egotea): Hain zuzen ere, %26 gehiagok zaintzen du baldintza hori orain.

 

.Haur eta Gazte Literaturako baliabideen adin egokiaren informazioa: Orain gurasoen %67ak dio “nahiko” informazio baduela Haur Literaturako baliabideen adin egokitasunari buruz. Beraz, lehen baino %26 gehiago dira. Bularretik Mintzora Egitasmoaren baitan banatzen diren bibliografia gomendioak, foiletoak eta beste informazioak gurasoengana iritsi direla ondorioztatu daiteke. Orain, gurasoek baliabideen adin egokitasunaz informazio gehiago dutela erantzun baitute.

 irudia

.Haur eta Gazte Literaturako informazio bide espezializatuak erabiltzea: Bularretik Mintzora egitasmoaren ekintzei eta baliabideei esker – eskoletan eta liburutegietan banatu diren informazio, baliabide, gomendio, bibliografia… –, guraso gehiago dago orain, haur literaturari buruzko informazioa eskuratzerakoan, bide espezifikoak erabiltzen dituena. Hain zuzen ere,, %16 gehiago.

Emaitza horiek adierazten dute gainera, orain gurasoengan haur literaturarekiko interesa eta jakin-mina handiagoa dela. Azken finean, gurasoak haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzeko bitartekari egokiak bihurtzeko behar duten baldintzetako bat horixe da: informatuak egotea. Eta xede hori, Bularretik Mintzora egitasmoari esker lortzen ari da.

.Liburutegiko maileguaren erabilpena eta baliabide mota: Ipuinak gehiago mailegatzen dira nabarmen hasierako emaitzekin konparatuz. ( %36a gehiago). Datu hau irakurtzeko zaletasuna suspertzerakoan, adierazle garrantzitsu bat da. Zentzu honetan, bide ona hartu da.

Hobekuntza honen arrazoietako bat, Bularretik Mintzora egitasmoaren ekintza zehatz baten eragin zuzena dela esan daiteke: Motxila Txikia, hain zuzen ere. Ekintza honek eskola, etxea eta liburutegia lotzen ditu, eta familia bakoitza urtean hiruzpalau aldiz pasatzen da liburutegitik liburu bat maileguan eramateko. Honek mailegua eta liburutegiko bazkideen kopurua ugaritu ditu, noski.

Teknologia berriekin zerikusia duten baliabideen mailegua (DVDak, joko interaktiboak,…), nahiz eta ipuinen maileguarekin konparatuz askoz ere txikiagoa izan, ugaritu egin da, %10ean hazi da, %47ak mailegatzen ditu orain baliabide hauek. Datu horiek adierazten duten bezala, ezin da ukatu baliabide desberdinez hitz egiterakoan, teknologia berriek haur eta gurasoak erakartzen dituztela. Dena den, oraingoz, ipuinak lehentasuna du teknologiaren aurretik, baina baliabide teknologikoak haur poesiaren aurretik doaz, hala ere.

 

 

Asko hobetu diren aldagaiak, beste hauek dira:

 

- Haur kantak abestu seme-alabei

- Kontakizunaren bizipenen hobekuntza

- Haurren arretaren iraupena

- Liburutegietara joatearen maiztasuna

 

 

Hobekuntzarik izan ez duten aldagaiak, aldiz, hiru hauek dira:

 

.Ipuina kontatzearen maiztasuna: Ipuinak kontatzearen maiztasunari dagokionez, esan daiteke, orokorrean ez dela aldaketa nabarmenik azaldu hasierako ebaluaketarekin konparatuz.

Dena dela, “muturreko” maiztasunak (“inoiz ez” / “egunero”) gutxitu egin dira: %6an gutxitu, hain zuzen ere. Aldiz, erdikoak (“batzuetan” / “sarritan”) ugaritu egin dira, %9an. Zentzu batean, emaitza baikorra da: ipuina kontatzearen maiztasuna neurtzean, gehienak “sarritan” egiten dutela diotelako (%46ak). Bestetik, lehen esan dugun bezala, orain gurasoek ipuina kontatzeko beste baldintza batzuk ere kontuan hartzen dituzte, kontakizunaren baldintzak hain zuzen ere (isiltasuna egotea, erabateko arreta izatea, erlaxatuta / motibaturik egotea). Beraz, ipuinaren kontakizunaren kalitatea hartzen dute gogoan.

 

.Ipuina nork kontatzen duen: Orokorrean, bukaerako ebaluazioaren arabera, ipuinaren kontakizunak emakumearen eskuetan jarraitzen du. Ohitura hau aldatzeko, hau da, haur literaturan gizonaren parte hartzea ugaritzeko, Bularretik Mintzora bezalako irakurtzeko zaletasuna sustatzeko egitasmoak bakarrik ez dira nahikoak.

 

.Haur Literaturako baliabideen erosketa: Haur Literaturako baliabideen erosketari dagokionez, bukaerako emaitzek diotenez, hasierakoekin erkatuz, orokorrean, maiztasunak beherantz egin du. Orain guraso gutxiago dira baliabide hauek “sarri” erosten dituztenak: %11 gutxiago.

Joera honen arrazoiak bi izan daitezke: batetik, Bularretik Mintzora egitasmoak irakurtzeko zaletasuna sustatzerakoan liburutegiak duen garrantzia azpimarratzen duela; bestetik, azken urteetan gure gizartea pairatzen ari den krisi ekonomikoaren eragina dago.

 

 

Zenbakiak

Duela 4 urte Bularretik Mintzora abian jarri zenetik, egitasmoaren “zenbakiak” nabarmen handitu dira.

Herriei dagokionez, 2008-2009. ikasturtean, 5 izan ziren egitasmoarekin hasi zirenak. Gaur egun, lau urte geroago, 14 herri dira. Beraz, %180an hazi da Bularretik Mintzoran dauden herrien kopurua.

Irakasleei dagokionez, hasieran 116 ziren. Orain, 330 irakasle dira; %184a gehiago, beraz.

Egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeen kopurua ere asko ugaritu da. Lehenengo ikasturtean 16 ziren. Gaur egun, 46 ikastetxe dira egitasmoa aurrera eramaten dutenak. Beraz %187an hazi da ikastetxeen kopurua.

Azkenik, haurren kopuruari dagokionez, 2008-2009. ikasturtean, 2.200 haurrek jaso zituzten egitasmo honen ekimenak. Gaur egun, guztira, 5.900 haur inguru dira hauen hartzaileak. Beraz, %168 gehiago.

Ikusten denez, 2008. urtean abian jarri zenetik, Bularretik Mintzora egitasmoaren hedapen kuantitatiboa oso handia izan da. Zehazki, lau aldagai horien batezbesteko gehikuntza %180koa izan da: lau urtetan egitasmoaren eragin kuantitatibo orokorra EAEko herri, eskola, irakasle eta haurrengan ia hirukoiztu egin da (2,80rekin biderkatu da). Datu honek erakusten du, gero eta haur gehiagoren irakurtzeko zaletasuna sustatzen ari garela.

 

Irakurri, lana eta aberastasuna sortzeko:

Bularretik Mintzora kanpaian 2008an jarri zuen abian Galtzagorri Elkarteak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntzarekin. Honen helburua haurren irakurtzeko zaletasuna txiki-txikitatik sustatzea zen, horretarako euren ingurunean dauden bitartekariak trebatuz (gurasoak, irakasleak, bibliotekariak, hezitzaileak…). Eusko Jaurlaritzak 5 urtetan hau babesteko konpromisoa hartu zuen orduan: izan ere, kanpaina sistematizatu bat egiteko eta kanpainaren baitan egiten ziren ekintzak ebaluatzeko ezinbestekoa zen denbora epe hori. Orain artean jasotako emaitzak kontuan hartuz, irakurketa kanpaina honek irakurketa sustatzen duela nabarmena dela esan daiteke.

 

Aurreko atalean aipatu den bezala, Bularretik Mintzora lortzen ari den hedapen maila kontuan harturik, eta egitasmoaren ekimenen kalitatea eta eraginkortasuna bermatzeko, erakunde publikoen babesa izaten jarraitzea behar-beharrezkoa da. Alde batetik, orain arte lortutako aldagaien hobekuntzak mantentzeko eta are, hobetzeko; eta, bestetik, egitasmoaren helburuak ahalik eta haur gehienengana hedatzeko.

 

Hain zuzen ere, 2012ko apirilean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko Irakurketa Plana aurkeztu zuen. Ekimen horren bidez, irakurketa gizartearen kultura eta hezkuntza lehentasunetako bat bihurtu eta Erkidegoa garatzeko eragiletzat hartu zuen. Plan horren kudeaketa lanetan Kultura Sailak Galtzagorri Elkartearen lankidetza izan du 2012ko bigarren seihilekoan.

 

Eusko Jaurlaritzak Irakurketa Planaren dokumentua egiteko Germán Sánchez Ruipérez Fundazioaren aholkularitza izan zuen. Bertan, irakurketa XXI. mendean Euskadin lana eta aberastasuna sortzeko bitartekorik onena dela adierazteaz gain, adimenari probetxu ateratzeko ezinbesteko tresna dela ere aipatzen zen. Eta adimena lehengaitzat jotzen da informazioaren gizartean.