Hemeroteka


Compartir
2008-01-10

Bularretik Mintzora egitasmoa martxanTolosan

Durangoko aurkezpenean Arantxa Arzamendi Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendariak 2007. urteko Irakurri Kanpainari amaiera eman zion eta aldi berean 2008ko Irakurri Kanpaina aurkeztu zuen. Hain zuzen, Galtzagorrik sortutako Bularretik Mintzora liburu-diskoa kanpaina horren ekimen nagusienetakoa izango da. CD-liburuxka Itziar Zubizarretak zuzendu, Elena Odriozolak ilustratu eta Aurélio Edler Copések musikatu du. 0 eta 6 urte bitarteko haur txikien guraso eta hezitzaileei bideratuta dago, eta bi helburu nagusi ditu: literatur tradizioaren galerari aurre egin, sehaska kantak, esku jolasak, eta abar bilduz; eta haurren irakurzaletasuna sustatu txiki-txikitatik horretarako hezitzaile eta gurasoentzako tresnak eta formazioa eskainiz. Durangoko aurkezpenaren ostean, bihar, abenduak 11, aurkeztuko da egitasmo osoa Tolosan. Eta abenduaren 18tik aurrera Tolosako Haur Liburutegian burutuko da hilabetez lehen aldiz egitasmo osoa.

 Abenduaren 11an, eguerdiko 12:00etan da zita. Tolosako Haur Liburutegian Tolosako alkate Jokin Bildarratz eta Itziar Zubizarreta jardungo dira. Izan ere, Itziar Zubizarreta izan baita Galtzagorrik Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin lankidetzan sortutako egitasmo honen zuzendaria.

 

Bularretik… mintzora

Bularretik mintzora egitasmoa 0-6 urte bitarteko haurren irakurzaletasuna sustatu eta garatu ahal izateko, guraso eta hezitzaileak formatzeko eta inplikatzeko egitasmoa da. Izan ere, haurren garapen emozionalean literaturak duen garrantziaz aipatu guraso eta hezitzaileak kontzientziatzea da egitasmoaren helburu orokorra.

Egitasmoak Bularretik mintzora izeneko CD-liburuxka du euskarri. Bertan, Miren Agur Meabe, Juan Kruz Igerabide, Pello Añorga, Lourdes Etxebarria eta Itziar Zubizarretaren ahotsen bitartez, sehaska kantak, magaleko jolasak, esku jolasak eta hitz jolasak grabatu dira. Horien guztien letrak eta erabilerarako oharrak biltzen ditu gainera CDarekin batera doan liburuxkak.

Euskarri honi loturik, abenduan lehenengo aldiz Tolosan garatuko den ekimena burutuko da. Ekimen honek CD-liburuxkaz gain, irakurketa puntu bat ezarriko du Tolosako Haur Liburutegian. Bertan, liburuz betetako maletak apailatuko dira: maleta batzuk, 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzendutako liburuak bilduko dituzte, Galtzagorrik aukeratuak. Beste batzuk, 3tik 6 urte bitarteko haurrentzako liburuak. Maleta horiek maileguan eraman ahal izango dituzte gurasoek eta hezitzaileek haurrentzat. Astebeteko epearen ondoren, itzuli egin beharko dituztelarik. Maleta bakoitzak CD-liburuxka bat eramango du bere baitan.

Irakurketa puntu horretan foileto hezigarri batzuk ere eskainiko dira: guraso eta hezitzaileentzako gomendioekin eta adinka banatutako liburu gomendagarriak biltzen dituzten esku orriekin.

 

Formazio saioak

Egitasmoak prestakuntza saio batzuk ere biltzen ditu. Modu honetan, hiru formazio eskaintza bideratuko dira:

Abenduaren 18an Juan Kruz Igerabidek eskainiko du hitzaldi literarioa. Eta hilaren 19an Juan Carlos Alonso psikologoak haurren garapen emozionalean txiki-txikitatik literaturak duen garrantzia azalduko die. Urtarrilean berriz, Pello Añorgak eta Itziar Zubizarretak ikastaro bat eskainiko dute, non guraso eta hezitzaileei haur txikienei ipuinak kontatzen, errezitatzen eta irakurtzen irakatsiko dieten.

 

Literatura eta haurrak

Egitasmo hau erabat berria da Euskal Herrian. AEBetan, Britainia Handian, Italian, Suezian eta Katalunian egindako antzeko egitasmoen ildotik dator. Ekimen guzti hauek haurren osasuna kontzeptu orokor eta oso gisa hartzen dute kontuan. Izan ere, frogatua dago txikienen osasunean literaturak eta irakurketa ozenak berebiziko garrantzia dutela: ipuin eta istorio txikien bitartez, abesti eta esku-jolasen bidez … zuzenean konektatu daiteke haurren munduarekin eta beraien beldur eta sentimenduekin.

Psikoanalisiaren teoria ezberdinek diotenez, ipuinek eragin berezia dute haurren oinarrizko pultsioetan. Bularretik Mintzorak, hain zuzen, txikienen garapen intelektualean, literaturari behar duen lekua eta garrantzia eman nahi dio eta horretarako guraso, liburuzain, irakasle… eta bestelako profesionalak parte hartzera bultzatu nahi ditu.

 

Irakurri 2008

Esan bezala, egitasmo osoa Tolosan gauzatuko da lehen aldiz urte honen bukaeran. Baina hurrengo urte osoan zehar, Galtzagorriren eta Kultura Sailaren Liburutegi Zerbitzuaren lankidetzaren ondorioz, Autonomia Erkidego guztira zabalduko da. Oraindik zehaztapen guztiak egitear badaude ere, aurreratu dezakegu Liburutegi Zerbitzuak prestatzen duen 2008ko Irakurri Kanpainaren ildo nagusietako bat osatuko dutela CD-Liburuxkak eta aipatu foileto hezigarriek. Asmoa 0 eta 6 urte bitarteko haurren hezitzaile eta gurasoengana iristea litzateke.