Hemeroteka


Compartir
2012-01-30

Bukatu dira Marraz(i)Oak 3 topaketak

Galtzagorri Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean antolatzen duten Marraz(i)Oak topaketen 3. edizioa egin da aurten, Artelekun, abenduaren 26tik 30era, "Gazteentzako Mikroipuin Animatuak Sortzen" lelopean.

 Guztira, 7 ilustratzailek hartu dute parte. Horiek, aurrez izena ematean, bosna ilustrazio aurkeztu zituzten eta horren arebera hautatu ditu epai-mahai batek ikastaroa dohan jaso dezaten.

 Irakasle lanetan, Oier Guillan idazlea, Jose Belmonte irudigile eta animazio egilea eta Isabel Herguera animazio egilea aritu dira aurten eta esperimentu oso bat egitea proposatu diete parte hartzaileei. Oro har, gidoigintza eta animazio teknikak landu dituzte topaketek iraun duten bost egunetan.

 Artelekun egin edo ez zalantza izan da azken unera arte. Izan ere, azken uholdeek kalte handiak eragin zituzten bertan eta uste baitzen ezinezko izango zela orain arte bezala topaketak bertan gauzatzea.

 Azkenean, Marraz(i)Oak  topaketen hirugarren edizio honetan uholdeek eragindako kalteei erabilera ematea erabaki zen eta suntsitutako materialean oinarritutako narrazio bat sortzea izan da astebetez Artelekun bildu diren ilustratzaileek egin behar izan duten lana.  Ondokoa izan da proposamena: Nautilus abiapuntu hartuta, egitura narratibo bat sortzea eta Artelekuko uholde osteko paisaiarekin lotura bisual eta kontzeptual bat egitea.

 

Marraz(i)Oak 3 topaketetan grabatutako irudi batzuk: