Hemeroteka


Compartir
2013-03-01

Bratislavako Ilustrazio Biurterako lanak aurkezteko epea zabaldu da

Iritsi da berriz ere Bratislavako Ilustrazio Biurterako lanak aurkezteko garaia. Nazioartean ospe handienetarikoa duen Haur eta Gazteentzako liburuetako ilustrazioen erakusketa da. 2013ko iraila-urrian burutuko da Bratislavan, Eslovakian. Eta OEPLIk (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) bertara Espainiako Estatuko 15 ilustratzaileren lanak aurkezteko aukera du.

Bratislavako Biurtekoan, nazioarteko ilustratzailerik onenen lanak saritzen dituzte. Haur eta gazte liburuen ilustrazioen nazioarteko erakusketa hau Eslovakiako Errepublikako Cultura Ministerioak, UNESCOren Eslovakiako Batzordeak eta haurrentzako Artearen Nazioarteko Etxeak antolatzen dute, eta nazioarteko epaimahai batek honako sariak ematen ditu: GRAN PRIX bat (3.000 $), 5 URREZKO SAGAR (Bakoitza 1.500 $ eko balioarekin) eta 5 Plaka (bakoitza 1.000 $koa).

2011n Iban Barrenetxearen lana saritu zuten

Bada, 2011ko edizioan plaka horietako bat Galtzagorri Elkarteko bazkide den Iban Barrenetxeak eskuratu zuen, Bombástica Naturalis (A buen Buen Paso, 2012) liburuarengatik. Asun Balzolarekin batera Barrenetxea da Bratislavako Biurtekoak saritzen duen bigarren euskal ilustratzailea. Balzolak Urrezko Sagarra jaso zuen 1985ean, Bernardo Atxagak idatzi eta berak ilustratutako Txitoen istorioa liburuarekin.

2011ko edizioan, guztira, hiru euskal ilutratzaileren lanak eraman zituen OEPLIk Bratislavara. Hain zuzen ere, Iñaki Martiarenaren Haize adina (Cristinaenea Fundazioa), Iraia Okinaren Ilania (Gero-Mensajero), eta ohorezko plaka eskuratu zuen Iban Barrenetxearen Bombástica Naturalis (A buen Paso).

 

Parte hartzeko interesa duzuenok, honakoa egin behar duzue:


1. Biurtekoan sekula parte hartu ez duzuenok, azken 5 urteetan argitaratutako liburu bat edo, gehienez, biren ale bana bidali behar duzue OEPLIra, Madrilera. (Santiago Rusiñol, 8, 28.040 Madril)

2. Biurtekoaren edizioren batean inoiz parte hartu izan duzuenok, 2011-2013. urteen artean argitaratutako liburu bat edo biren ale bana igorri behar duzue OEPLIra, Madrilera. (Santiago Rusiñol, 8, 28.040 Madril)

3. Kasu batean edo bestean, bidalketa hori OTSAILAREN 28A BAINO LEHEN EGIN BEHARKO ZENUKETE!

4. Kasu batean zein bestean, bidaltzen dituzuen liburuetan MARKATU EGIN BEHAR DITUZUE BIURTEKORA BIDALI NAHI DITUZUEN ILUSTRAZIOAK. GEHIENEZ ERE, 10 MARKATU DAITEZKE (LIBURU BAKAR BATEKOAK, EDO BIETAKOAK, BAINA GUZTIRA GEHIENEZ 10 ILUSTRAZIO).

5. OEPLIk Espainiako Estatuko 15 ilustratzaileren lanak igor ditzake Biurtekora, beraz, Estatu osotik 15 ilustratzaile baino gehiagoren liburuak iristen badira, hautaketa lan bat egingo da OEPLIn.

6. OEPLIK 15 ilustratzaile horien ilustrazioak Bratislavara bidaltzeko, bidalketa horren asegurua egiteko eta ilustratzaileei horiek bueltan emateko konpromisoa hartzen du bakar-bakarrik. Biurtekoan zehar gertatzen denari buruzko ardura Biurtekoaren antolatzaileek izango dute eta ez OEPLIk.

7. Biurtekoan parte-hartzeak esan nahi du baita ere antolatzaileek eskubidea dutela aurkezten diren ilustrazioen erreprodukzioak erabiltzeko afitxak edota promoziorako materialak sortzeko.

8. Aukeratzen diren ilustratzaileen ilustrazioak enmarkatu gabe bidaliko dira, eta ilustratzaile bakoitzak Bratislavan 1 X 1 metroko lekua izango du bere lanak erakusteko.

9. Hemen dituzue BIBren estatutuak eta arauak.