Hemeroteka


Compartir
2015-06-01

Booktuber fenomenoa gazteen artean zabaltzen ari da

ImaginaLee egitasmoa jarri dute abian IBBY Mexico/A Leer eta Televisa Fundazioak elkarlanean. Youtube kanal bat sortu eta bertan herrialde horretako hainbat booktuber-ek kolaboratuko dute bakoitzak bere kanal propioan egin ohi duen moduan: irakurri berri duten liburu baten inguruko iruzkina grabatuz. Egitasmo horrekin gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea dute helburu.

Booktube bidez

Horretarako, bogan dagoen baliabide bat hautatu dute: booktube-a. Hau da, bideo bidez selfie moduan grabatutako liburu baten iruzkina, ondoren, youtube bezalako plataforma batean zintzilikatzen dena, ahalik eta jende gehienarengana hel dadin. Gazteen artean sekukalako arrakasta ari da izaten. Hego Amerikan, bereziki, egunetik egunera gero eta booktuber (booktube egile) gehiago dago. Horietako zenbaitek, gainera, sekulako oihartzuna lortu dute eta argitaletxe askok oso aintzat hartzen dituzte euren iritziak. Batzuek argitalpen berriak bidaltzen dizkiete booktuber entzutetsuenei euren liburuak irakurri eta iruzkindu ditzaten, liburuak gazteen artean iragartzeko baliabide ezin eraginkorragoa bihurtu baita booktuberren lana.

Bada, gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko ere baliabide ona dela iritzita, IBBY Mexikok eta Televisa Fundazioak ere booktube kanal bat sortu dute youtuben. Mexikoko booktuber ezagun batzuei egin die bertan parte hartzeko lehen gonbitea eta, dagoeneko, ImaginaLee-ren youtubeko kanalean hiru booktube argitaratu dituzte.

Duela bi aste zintzilikatu zuten lehen bideoa eta 1.440 ikustaldi izan ditu.

Gazteen artean zaletasun hau sustatzeko aintzat hartu beharreko beste ahalegin bat da hau; beste behin ere literatura eta teknologia berriak uztartzen dituena, gazteak eurak sortzaile, sustatzaile eta protagonista bihurtuz.