Hemeroteka


Compartir
2016-02-16

Book Trailer Lehiaketarako azken hilabetea

Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketak aurrera darrai. Honez gero, parte hartzaileak buru-belarri ariko dira irakurgaiak lantzen, gidoiak prestatzen, irudiak sortzen edo bilatzen...

2015-2016 ikasturtean guztira, 1.500 bat ikasle ari dira liburuak irakurri eta haiei buruzko book trailerrak egiten. Lehiaketa hau Galtzagorri Elkarteak antolatzen du urtero Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, baina lurralde horretako mugetatik at ere, Bizkaiko eta Arabako ikastetxeek ere parte hartu nahi izan dute lehiaketan: Gasteizko Olabide ikastetxeak, Getxoko Julio Caro Baroja ikastetxeak, Iurretako Juan Orobigoitiak eta Abadiño BHI ikastetxeak ari dira ikasturte honetan.

Beste guztiak Gipuzkoako ikastetxeak dira: Egape Ikastola (Urnieta), Axular Lizeoa (Donostia), Kurtzebarri BHI (Aretxabaleta), Mariaren Lagundia (Bergara), Mogel Isasi (Eibar), Arrasate BHI (Arrasate), San Luis Lasalle (Donostia), Mendata BHI (Deba), Aranzadi ikastola (Bergara), Erniobea BHI (Villabona), Zubiri Manteo (Donostia), Herri Ametsa (Donostia), La Asunción (Donostia), Landaberri BHI (Lasarte), Zumaiako Institutua (Zumaia), Zurriola ikastola (Donostia) eta Peñaflorida Usandizaga BHI (Donostia).

Ikastetxeen kategoriaz gain, bada beste bat nork bere kontura (taldean bilduta nahi izanez gero) aurkez daitekeena, bere ikastetxea lehiaketan parte hartzen ari ez bada ere. Kategoria irekia da eta ez dago izena eman beharrik. Nahikoa da bakoitzaren adinari dagokion liburua irakurri, horri buruzko book trailerra egin eta martxoaren 4a baino lehen lehiaketara igotzea.

Nola parte hartu

Guztien egitekoa: maila bakoitzerako proposatuako liburua irakurtzea eta horri buruzko book trailerra egitea, liburu horren irakurketa sustatzeko. Bi liburu zerrendatatik hauta daiteke irakurgaia: Aurtengo proposamena edo Ezinbestekoak. Zerrenda horietatik kanpoko liburuen book trailerrik ez da onartuko. Norbanakoen kategorian parte hartzeko nahikoa da azken eguna baino lehen book trailerra web gunera igotzea. Oinarrietan dago zehatz mehatz azalduta.

Ikasturte honetan, iaz bezala, parte hartzaileek book trailerrak nola egin eta lehiaketan nola parte hartu azaltzen duen bideo tutorial interaktibo bat dute Liburu Gaztea web gunean ikusgaia. Modu horretan, orain arte ikastetxez ikastetxe eman izan diren formazio saioetako azalpenak publiko zabalagoarengana helarazi nahi ditu Galtzagorri Elkarteak, lehiaketako partaidetza izena eman duten ikastetxeez haratagokoa baita. Oreka Interactive enpresa donostiarrak sortu zuen bideo tutorial hori Galtzagorri Elkartearekin lankidetzan.

Lehiaketaren laugarren edizioa da hau eta iaz bezala egingo da: sariak epaimahai batek erabakiko ditu eta horrela banatuko dira:

- IKASTETXEKA:

DBH1-DBH2: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

DBH3-DBH4: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

- NORBANAKOKA: e-reader bat eta 100 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

- PUBLIKOAREN SARIA: Ikastetxeen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko. Norbanakoen kategorian: e-reader bat

- BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bat zozkatuko da.

Martxoaren 4a da book trailerrak lehiaketara bidaltzeko azken eguna. Aurtengo uzta dastatzeko gogoz gaude!