Hemeroteka


Compartir
2013-09-20

Book trailer Lehiaketan izena emateko epea zabalik da

Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, urtero antolatzen duen Liburu Gaztea Saria abian da. Gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea helburu duen lehiaketak iaz teknologia berrietara egin zuen jauzi Book trailer Lehiaketa bihurtuz eta arrakasta itzela izan zuen: 167 book trailer lehiatu ziren ikastetxeen kategorian, eta 15 book trailer norbanakoen kategorian. Halaber, ikastetxe gehienen iritziz, book trailerren lehiaketa gazteen artean irakurzaletasuna sustatzeko lagungarri izan daiteke.

Hori dela eta, 2013-2014 ikasturtean ere Booktrailer Lehiaketa antolatu du Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat.

Lehiaketaren oinarriak iazko berak dira. Batetik, bi modu daude parte hartzeko: ikastetxearen izenean, ikasgelaka taldean egindako lanak aurkeztuz; edota norbanakoka, hau da, ikastetxearen izenean parte hartu beharrean, nork bere kontura parte hartuz (taldeka ere izan daiteke).

Izen-ematea zabalik

Ikastetxeka parte hartzeko izen-emate epea irailaren 19an amaituko da. Norbanakoka parte hartzeko, berriz, ez da aurrez izena eman beharko; nahikoa izango da book trailerrak 2014ko martxoaren 14rako Liburu Gaztea web gunera igotzearekin. Izan ere, hori da parte hartzaile guztientzat lanak aurkezteko azken eguna. Ondoren, book trailer guztiak web gunean bistaratuko dira eta onenaren aldeko botoa emateko epea zabalduko da martxoaren 24an.

Izena emateko behean atxikita dagoen PDF dokumentua bete eta Galtzagorri Elkartera bidali beharko da. Hala ere, Gipuzkoako ikastetxe guztietara e-postaz eta posta arruntez ere bidaliko da deialdiarekin batera. Izen-emate orriak airailaren 19a baino lehen bidali beharko dira.

Irakurri beharreko liburuak

Bi kategoriatan irakurri beharreko liburu-zerrenda bera da. Batetik, Liburu Gaztea Batzordeak 2012an argitaratutako liburuen artean hautatutako tituluak daude (Aurtengo proposamena), maila bakoitzeko bat. Bestetik, euskarazko Gazte Literaturan ezinbestekotzat jotzen diren liburuen zerrenda luzea dago (Ezinbestekoak). Xabier Etxaniz, Migel Asiain, Asun Agiriano eta Itziar Zubizarreta Haur eta Gazte Literatur adituek egindako proposamenekin osatutako zerrenda da berau. Parte hartzaileek zerrenda horretan dagokien mailarako gomendatutako liburu bat ere hauta dezakete parte hartzeko. Bi zerrenda horietatik kanpo dauden liburuei buruzko book trailerrak ez dira onartuko.

Galtzagorriren aurtengo proposamena honakoa da: DBH1erako Maitagarria eta desioa (Mariasun Landa/ Maite Gurrutxaga); DBH2rako Marta Ispiluaren aurrean (Teresa Calo); DBH3rako Ezer ez (Janne Teller); eta DBH 4rako Saguak eta gizonak (John Steinbeck).

 

 

 

 

 

 

 

SariakOiartzungo Elizalde ikastetxeko ikasleak Elkar megadendan sariarekin.

Aurten ere publikoak hautatuko ditu book trailerrik onenak. Martxoaren 24tik maiatzaren 16ra bitartean zabalduko da botoa emateko epea eta nahi duen orok bozkatu ahal izango du Liburu Gaztearen web gunetik bertatik.

Jokoan dauden sariak bi kategoriatan banatzen dira: 

Ikastetxeentzat:

1. Abentura txangoa (arroila jaitsiera), ikasgelako bi lagunentzat.

2. Liburu edota diskoak erosteko 200 euroko bonoa eta Klisklasikoak liburu-sorta

3. Liburu edota diskoak erosteko 200 euroko bonoa eta Klisklasikoak liburu-sorta

Norbanakoentzat:

1. E-irakurgailua

2. Liburu edota diskoak erosteko 100 euroko bonoa

3. Liburu edota diskoak erosteko 100 euroko bonoa

Formazio saioak ikastetxeetan

Galtzagorri Elkarteko dinamizatzaile batek Liburu Gaztean izena ematen duten ikastetxeei bisita bana egingo die (ikastetxeak hala eskatu badu) 2013ko azaroa eta otsaila bitartean. Ikastetxe bakoitzean ikasleekin saio praktiko bat burutuko du, non aurtengo liburuak aurkeztu eta booktrailerrak egiteko pistak luzatuko dizkien ikasleei.