Hemeroteka


Compartir
2018-11-15

Bigarren transmedia irakurketa kluba burutuko dute Galtzagorri elkarteak eta Orona Fundazioak Gabonetan

Orona Fundazioak eta Galtzagorri euskal haur eta gazte literatura elkarteak elkarlanean “KlisKlasIK” euskarri ezberdinetan oinarritutako irakurketa klubaren bigarren edizioa jarriko dute martxan datorren abenduan. Liburua, ahotsa eta marrazteko tresnak batetik eta tablet, ordenagailu eta sakeleko telefonoak bestetik, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako euskaraz eta euskarazko haur literatura oinarri hartuta bigarren transmedia kluba burutuko dute Orona Fundazioko eraikinean (Hernanin, Galarretan, Gipuzkoan) abenduaren 26, 27 eta 28an. Uztailean egindako lehen transmedia klubaren arrakastaren ondoren dator bigarren ekitaldi hau.

Transmedia irakurketa klub honek Galtzagorri elkarteak 2014. urtean sortu zuen Klis-Klasikoak app bildumaren azken Appa izango du oinarri: 2018ko ekainean jaio eta oraintxe Galtzagorri elkartea berritzen eta osatzen ari den “Amattoren Uzta App”a, hain zuzen. Baita app horrek oinarri duen Mayi Ariztiak idatzi, Patxi Zubizarretak eguneratu eta moldatu eta Maite Gurrutxagak ilustratu zuen “Amattoren Uzta” (Alberdania, Erein, Igela, 2012) liburua ere. App-aren izenburu bera duen liburuan Ipar Euskal Herriko istorio erraileek kontatzen zituzten ipuinak biltzen dira. Amandre ipuinak dira gehienak, Ipar Euskal Herriko folklorearen lekuko paregabeak, eta istorio hauek nekazari giroko lana eramangarriago egitearren kontatzen ziren, sarri sutondoan, helduek nahiz haurrek entzun zitzaten. Beraz, Ipar Euskal Herriko kontalari hainbatek kontatzen zituzten istorioak bildu eta idatzi zituen Mayi Ariztiak 1934an eta ondoren gaurkotu zituen Patxi Zubizarretak, Maite Gurrutxagaren akuarela irudiz jantziak.

Liburuan biltzen diren 15 ipuinetako batzuk istorio nabigagarri bihurtzen ari da “Amattoren uzta app”an Galtzagorri elkartea, Patxi Zubizarreta, Maite Gurrutxaga, Joserra Senperena, Amaia Hennebutte eta Oreka Interactive S.L. enpresako sortzaileekin elkarlanean. Hala, unibertso transmediara jauzi egiteko aukera eskaintzen du app berriak: Abentura grafikoak, errealitate birtuala, 360ºko esperientziak, ilustrazio animatuak, interaktibitatea, istorioak entzuteko dispositiboak, musika…

App berri honi lotuta, bigarren transmedia irakurketa kluba burutuko da abenduan Orona Ideon. Honen helburua 8-12 urte bitarteko gaztetxoen irakurzaletasuna sustatzea eta literatura dibertsioarekin lotzea da. Horretarako, artea, irakurketa, ahozkotasuna, app-ak eta programazio informatikoa uztartuko dira klub honen baitan.

Izan ere, gaur egun Haur Literatura ez da bakarrik liburura mugatzen: ahozko kontaketak eta ilustrazioak betidanik izan dira literaturaren genero honetako lengoaiak, baina gaur egun gainera, teknologia berriak paperezkoa osatzera datoz. Paperean irakurtzeaz gain, posible da pantailan irakurtzea; are gehiago, posible da paperean irakurritakoa pantailan osatzea ere.

Uztailean egin zen lehen transmedia klubean bezala, bigarren honetan ere parte hartzen duten haurrek gidari izango dituzte “Amattoren Uzta App”aren sortzaileak: Patxi Zubizarreta idazlea, Maite Gurrutxaga ilustratzailea eta Oreka Interactive S.L. enpresako kide Imanol Erauskin. Hortaz, Euskal Haur eta Gazte Literaturan zein bideojoko eta app-en esparruan ibilbide handikoak diren profesionalek dinamizatuko dituzte klub honen hiru saioak.

 

Klub berritzailea

Plataforma edo euskarri ezberdinetan oinarritutako transmedia irakurketa klub honetan parte hartuko duten gaztetxoek honako alorrak landuko dituzte:

  • Irakurketa: “Amattoren Uzta” liburuko tradiziozko ipuinak irakurri eta horiekin jolastu, ipuin bilduma hau kokatu, irakurketa dramatizatuak egin …
  • Ilustraziogintza: ilustrazio teknikak arakatu, liburuko eta app-ko ilustrazio originalak ikusi, ilustrazio berriak sortu, digitalizatu eta horiei mugimendua eman… istorio berriak berrasmatuz.
  • Gidoigintza: Liburutik transmedia kontakizun batera edo jolas baten asmakizunera nola jauzi egiten den ikusi eta ikasi, irudimena landuz. .Jolasak app-ekin: app berrian dauden abentura eta istorio interaktiboetan jolasteko parada izango dute.
  • Programazio teknologikoa: Unity3D motorraren funtzionamendua arakatu eta haurrek egindako ilustrazioekin istorio nabigagarriak sortuko dituzte.

Epeak eta izen ematea

  • Noiz eta non: Abenduaren 26, 27 eta 28an gauzatuko da Orona Fundazioaren eraikinean (Orona Ideo, Hernani, Galarreta). 3 egun hauetako bakoitzean 4 orduko saioak gauzatuko dira, goizeko 9:00etan hasi eta 13:00ak arte.
  • Nork: 8 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu dezakete. Gehienez ere, 15 kide onartuko dira. Parte-hartzea, izen emate ordenaren araberakoa izango da.
  • Epea: Izen emate epea zabalik dago azaroaren 30a arte.
  • Nola: Izena emateko formulario hau bete behar da.
  • Prezioa: hiru saioetan parte hartzeagatik, 60 euro.