IBBYCAT Herrialde Katalanetako haur eta gazte literatura (HGL) elkarteak argitaratzen duen Faristol aldizkariak 100 zenbaki plazaratu ditu, eta urtero-urtero egiten dituzten jardunaldietan estatuko beste HGL aldizkariekin ospatu dute urteurrena. Miriam Luki Albisua Behinolaren koordinatzailek aldizkariei buruzko mahai-inguru batean parte hartu zuten larunbatean, Diego Gutierrez el Valle Peonzako zuzendaritza taldeko kidearekin, Jesus Figuerola Full de Lectura aldizkariaren koordinazio batzordeko kidearekin, Gabriel Abril CLIJ aldizkariaren zuzendariarekin eta Nera Marco El templo de las mil puertas aldizkari digitaleko lantaldeko kidearekin. Marta Roig IBBYCATeko koordinatzaileak gidatu zuen mahaingurua. Publikoan bitartekariak (asko eta asko bibliotekariak), Faristoleko kritikari taldeko partaideak eta editoreak zeuden besteak beste.
Mahai-inguruan aldizkari bakoitzeko ordezkariak euren jardunaren berri eman zuen, baita aldizkariaren edukiak sortzeko moduen berri ere. Aldizkari guztiak ezberdinak izanda ere, HGL ardatz izanda, antzeko erronkak aipatu zituzten, hala nola erreleboa hartuko duten gidariena Peonza eta CLIJeko ordezkarien kasuan edota kritikariena Faristolen kasuan, irakurleen ahotsak jasotzeko zailtasunak, hizkuntza txikietan jarduteko zailtasunak Valentziatik aritzen den Full de Lectura aldizkariaren ordezkariaren ahotik eta kritika edo iruzkinak aldizkarietara ekartzeko bakoitzaren moduan, besteren artean.
Mahai-inguruan landutako gaiez gain, interesgarria izan zen elkar ezagutzeko aukera bera. Ostean, Imapla sortzaileak hitza hartu zuen On esta el nen? hitzaldia egiteko, hain zuzen, HGLk haurrari ematen dion tokiaz aritu zen. Bartzelonako El Carmel auzoko liburutegian antolatu zuten mahai-ingurua eta Behinola hara eramatea oso pozgarria izan zen. Eskerrik asko Etxepare Institutuari bidaia egiteko babesagatik.