Hemeroteka


Compartir
2013-02-11

Behinola aldizkaria koordinatzeko lan eskaintza

Egun bizi dugun krisi ekonomikoa tarteko, aldizkari ugari ari dira desagertzen. Beste hainbat formatu digitalera pasa dira, modu horretan kostu ekonomikoa murriztu nahian. Bada, Galtzagorrik lortu du Behinola aldizkariak beste urtebetez, gutxienez, bizirautea. Horretan, noski, ezinbestekoa izan da elkarteko bazkide eta aldizkariaren harpidedunen laguntza.

2013an zehar beraz, Behinolaren 27. eta 28. zenbakiak plazaratuko dira. Koloretan, eta orain arteko antzeko formatuarekin. Baina 28. alearekin batera Behinolak, euskarazko Haur eta Gazte Literaturako aldizkari bakarrak, hainbat berrikuntza izango ditu. 

Edukien aldetik, Behinolako ale bakoitza zazpi ataletan dago banatua; eta ilustratzaile batek ilustratzen du zenbaki bakoitza. Sortu zenetik, alfabetoko hizki bakoitzarekin eman diogu hasiera Behinolari: Atik hasi eta Zra arte. Bada, Z hizkiarekin hasiko da 2013ko lehen seihilekoan plazaratuko den 27. alea. Eta hortxe bukatuko da beraz, aldizkariaren orain arteko ibilbidea. Hortik aurrera, berritu, eguneratu eta indartzeko asmotan.

Aldizkariko edukiei astindu bat eman nahi diegu, lan-taldea berritzearekin batera. Azken zenbakietan Behinolaren zuzendari izan den Ruben Ruizek bere lana utziko du, erredakzio-taldean buru-belarri jarraituko duen arren. Hain zuzen ere, Behinola berrituaren koordinazioaren ardura hartuko duen pertsona baten bila dabil Galtzagorri Elkartea: ibilbide berri horri kemenez eta gogoz aurre egingo dion norbait, hain zuzen.

Zer eskatzen da

Aipatu Behinolako koordinazio lanak egin ahal izateko, elkarteko bazkideen artean, honako baldintzak betetzen dituen norbaiten bila gabiltza:

.Galtzagorri elkarteko bazkide izatea

.Kazetaritzan lizentziatua izatea

.Euskara menperatzea eta euskaraz ondo idazteko gaitasuna izatea

.Haur eta Gazte Literaturaren alorrean eskarmentua izatea.

Koordinatzaile horrek egin beharreko lanak honakoak dira:

.Behinolako erredakzio taldea koordinatu.

.Erredakzio bilerak antolatu eta gidatu.

.Behinolako zenbaki bakoitzerako gaiak (erreportajeak, elkarrizketak, artikuluak, literatur aipamenak…) proposatu. Guzti horiek, ondoren, erredakzio taldean eztabaidatuko direlarik.

.Ale bakoitzerako beharrezko testuak jaso, zuzendu eta bateratu.

.Zenbaki bakoitzerako ilustrazioak eskatu, jaso eta inprentara igorri.

.Behinolako zenbaki bakoitza inprentara bidali eta beharrezko kudeaketa lanak egin Galtzagorriko bulegora garaiz hel dadin.

.Galtzagorri Elkarteko bulegoan lan egiten duten langileekin koordinatu, aldizkariaren diru-laguntzak eta bestelako kudeaketa lanak bideratu ahal izateko.

Eskaintzen dena, honakoa da:

.Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako aldizkari bakarra gidatzea.

.Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan eskarmentua duten profesionalekin batera Behinolaren ibilbide berri bati ekitea.

.Zenbaki bakoitzean egingo den koordinazio lana, ordaindu egingo da.

Interesa baduzu, honako dokumentazioa igorri behar duzu urtarrilaren 31 baino lehen galtzagorri@galtzagorri.eus helbidera:

.Curriculum vitaea

.Orrialde batean (gehienez 2.500 karaktere hutsuneekin) Behinola aldizkariaren hobekuntzarako ideiak eta proposamenak.

Aukeratutako pertsonari 2013ko martxoaren 1a baino lehen erantzungo zaio.

Aldizkariaren ibilbide luze eta oparoa

1998.urtean Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkartearen baitan sortutako hausnarketa baten inguruan jaio zen Behinola aldizkaria. Garai hartan, Haur eta Gazte Literaturaren inguruko euskarazko hausnarketa teorikoa egiten zuen aldizkari baten gabezia sumatzen zen, hain zuzen ere, esparru horretan lanean zebiltzan hainbat profesionalentzako tresna egokia izan zitekeelakoan. Honela, eta hastapenean kezka horri erantzuteko asmoz, Manu Lopez Gaseni Gasteizko Irakaslegoaren eskola unibertsitarioko irakasle, idazle eta itzultzaileak bere gain hartu zuen Haur eta Gazte Literaturari eskainitako euskarazko aldizkari bat kaleratzeko ardura.

1999ko azaroan kaleratu zen lehen Behinola eta orduz geroztik aldizkaria urtean bitan plazaratzen da. Bere helburu nagusia Haur eta Gazte Literaturarekin harremana duten hainbat profesionalen informazio eta hausnarketa beharra asetzea da orokorrean. Hori dela eta Behinolako irakurlearen profila zeharo zabala da, besteak beste: idazleak, ilustratzaileak, irakasleak, kultur dinamizatzaileak, Haur eta Gazte Literaturako ikertzaileak eta besterik gabe, euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren zaleak diren beste batzuk biltzen baititu bere baitan.