Hemeroteka


Compartir
2014-03-26

Barbro Lindgren suediarrarentzat Astrid Lindgren Saria

Gaur, martxoak 25, jakinarazi dute 2014ko Astrid Lindgren Sariaren irabazlea Haur Liburuaren Boloniako Azokan. Barbro Lindgren (1937) suediarrak jasoko du aurten.

Barbro Lindgrenek 1965ean argitaratu zuen bere lehen lana eta harrez gero ehundik gora kaleratu ditu. Epaimahaiaren iritziz, Lindgren literaturan aitzindari izan da. Haur txikienentzat liburu ilustratuak berrasmatzeaz gain, absurduaren prosa, haurrentzako poesia existentziala eta gazteentzako fikzio errealista ere berrasmatu dituela dio epaimahaiak.

Sari honen bidez, Suediako Gobernuak Astrid Anna Emilia Ericsson (Astrid Lindgren) idazlearen oroimenez Haur eta Gazte Literatura sustatzeko lan egin duten mundu osoko profesionalak eta erakundeak saritzen ditu 2003. urtetik: bizirik dauden idazleak, ilustratzaileak, kontalariak eta irakurketa sustatzen lan egin egiten duten erakundeak.

Horien artean izan da aurten ere Elena Odriozola ilustratzailea, 2009ko eta 2013ko Euskadi Saria eta Galtzagorri Elkarteko bazkidea. Odriozolaz gain, hautagaien artean ere baziren Municipi Lector erakundea, Arnal Ballester ilustratzaile kataluniarra eta Agustin Fernandez Paz idazle galiziarra ere. Hauek guztiak iaz ere hautagai izan ziren. Aurten CILIJ (Centro Internacional del Libro Infantil y Juvenil) erakundea ere hautagaien artean zen.

Astrid Lindgren Saria ekainaren 2an banatuko da Stockholmen (Suedia).