Dagoeneko iritsi da Booktuberboom_+ lehiaketaren VIII. edizioa amaierara. Aurten sorpresa ugari izan ditugu: Booktuberboom_+ saio berriak YouTuben, Lur Errekondoren booktubea… Baina Booktuberboom_+ lehiaketa bat denez, ezinbestean lehiaketa irabazi eta saria jaso duten artistak aipatzea dagokigu orain!
Lehenik eta behin, Ane Garoña legazpiarra izan da epaimahaiaren lehen sarirako hautatua izan den gaztea. Anek Ezezagunak (David Lozano; Itzul.: Miren Ibarluzea) liburuaren iruzkin eta gomendio zoragarria egin digu.
Epaimahaiaren hitzetan, “gidoi landua duen booktubea da. Azpitituluak, off ahotsa, antzezpena, jantziak, makillajea eta lokalizazioak ondo landu ditu Anek booktubea eta booktrailerra nahasten dituen bideo honetan. Eszenatoki gisara bere etxeko sofa, manta eta pijama aukeratu izana, irakurtzeko toki goxo hori irudikatuz, ideia bikaina izan da. Ikusleari booktrailer formatuan laburpen txiki bat egiten dio ondoren, booktube formatuan, liburua gomendatzeko. Lan originala eta txukuna”.
Booktuber lanetan jarraitzeko kamera, tripodea eta mikrofonoa eramateaz gain, liburu eta disketan gastatzeko 200€ko bonoa ere eraman du. Aneren kasuan, booktube modu pribatuan aurkeztu du lehiaketara, Booktuberboom_+ lehiaketan bideoak publiko edo pribatuan aurkezteko aukera eskaintzen baita.
Epaimahaiaren bigarren saria Ainhoa Bravo eta Uxue Garcia donostiarrek jaso dute. Bi gehi bi (eta nire nerabezaroko beste enigma handi batzuk (José Antonio Francés; Itzul.: Aitor Arana) liburuaren iruzkin eta gomendioa egin digute booktube bideo dibertigarrian.
Epaimahaiaren hitzetan, “booktube dinamikoa da, freskoa, alaia. Ikuslearen arreta pizten du amaierararte. Booktube formatu oso ondo erreproduzitu dute. Toma faltsuak zuri beltzeko irudiekin markatu dituzte, musika, portada… teknikoki zaindua dagoen booktubea da. Naturaltasun handiz hitz egiten dute haien artean eta momentu dibertigarri ugari lortu dituzte horri esker. Bai bideoa ikusten jarraitzeko zein liburua irakurtzeko grina pizten dute. Zorionak!“
Ainhoak eta Uxuek GoPro kamera eta liburu eta disketan gastatzeko 100€ko bonoa eraman dituzte egindako lanarengatik.
Zorionak, beraz, hiru irabazleei!
Azkenik, Booktok eta Bookstagram kategorietako irabazleak aipatzea geratuko litzateke.
Bookstagram kategoriako irabazlea Amaia Sarasola beasaindarra izan da, Musika airean (Karmele Jaio) liburuari buruz egindako lanarekin. Epaimahaiak honakoa esan du: “Aukeratutako testuaren eta irudiaren artean oso harreman polita lortu du. Irudiaren konposizioa oso landua dago: liburua partitura baten gainean (izenburuarekin lotura eginez) eta gainera #bookface-aren ideiatik tiraka, liburuaren azaletik kanpo elementuak batzen zaizkio, irudia handitzearen efektua emanez, bikaina! Benetan lan polita”.
Booktok kategoriako garailea, azkenik, Elene Gine, Iraia Uribeetxeberria, Eider Ripa eta Irati Arroio legazpiarrek osatutako taldea izan da Nur (Toti Martinez de Lezea; Ilus. Ivan Landa) sagari buruzko booktokarekin. Epaimahaiak esan duenez, “Nurren saga aurkezten digu booktook honek liburutegian zehar bidaiatzen dugun bitartean. Irudi landuak, lokalizazio oso egokiak, plano ederrak, aktore ugari, inplikazio handiko lana dela ikusten da”.
Saririk jaso ez duen arren, epaimahaiak aipamena egin nahi izan dio Mara Zubeldiak aurkeztutako bookstagramari (“Miñan“- Amets Arzallus eta Ibrahima Balde): “Oso egokia irudia eta testua. Irudian kontrastea egiten dute liburuaren grisak eta koadroen kolore biziek, oreka ona sortuz, baita artelanetan agertzen diren irudiengatik ere, liburuarekin guztiz bat datozelako (begirada eta ahoz-ahoko kontakizuna). Testurako aukeratu duen liburuaren pasarteak maistraki laburbiltzen du liburuaren edukia. Erabilitako traolak ere, bikain. Zorionak!”.