Hemeroteka


Compartir
2021-12-13

Baditugu BIKO-TEKAn parte hartuko duten zortzi bikoteak

BIKO-TEKAn parte hartuko duten zortzi bikoteak baditugu jada, batzuk bikotuta eman dute izena eta beste batzuk Galtzagorri Elkarteak bikotu ditu. 2022ko urtarrilaren 24tik 28ra izango da hurrengo BIKO-TEKA, ohi bezala Iruñean. Maite Mutuberria ilustratzaileak eta Iñigo Astiz idazleak hartuko dute datorren tailerraren lema eta beren lana izan da bikotean izena eman ez duten sortzaileei bikotea bilatzea. Izan ere, hori da BIKO-TEKAren xarmetako bat: bikotean egiten dela.

BIKO-TEKA liburu grafikoetarako eta narraziogintza tailerra da, Galtzagorri Elkarteak orain urte batzuk antolatzen duena Iruñeko Udalaren laguntzarekin eta Etxepare sarien babesarekin. Tailerraren xedea, bere hastapenetan ilustratzaileen eta idazleen harrobia izatea zen, eta hala izan da. Egun, harrobiari formakuntza eskaintzeaz gain, sortzaileentzat oro har erreferentziazko tailerra bilakatu da.

Finean, liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko dute lau egun eta erdiz iraungo duen tailerrean. Gidarien ekarpenaz gain, Antxiñe Mendizabal Elkarreko editorearen eta Inazio Mujika Ereinen editorearen bisita izango dute eta haiekin partekatu ahalko dituzte argitaratzearen faseak sortzen dizkieten galdera-marka guztiak.