Hemeroteka


Compartir
2024-05-02

Badatoz Liburu Gaztea lehiaketako sari banaketak eta dagoeneko baditugu finalisten izenak

Bizkaiko zein Gipuzkoako epaimahaiek Liburu Gaztea Booktrailer Lehiaketan finalera sailkatu diren trailerrak hautatu dituzte. Hortaz, azken txanpara iritsi gara eta laster izango dugu irabazleen berri!

Gainera, publikoaren bozka jasotzeko fasea itxi berri dugu eta baditugu publikoaren bozka gehien jaso dituzten booktrailer bideoen izenak. Hala ere, guzti honen berri datozen egunotan izango duzue, hain zuzen ere, LIBURU GAZTEA booktrailer sari banaketa ekitaldietan.

Lehenengoa Bizkaian izango da, AZKUNA ZENTROko Bastida Aretoan. Ekitaldia maiatzaren 23an izango da, goizeko 11:00tan. Bestalde, KUTXA KULTUR-ek, aurten ere, gure ekimenarekin bat egin nahi izan du eta haiekin elkarlanean antolatuko dugu aurtengo Gipuzkoako sari banaketa. Hain zuzen, Maiatzaren 29an, goizeko 11:00tan, Tabakalerako Kutxa Kultur Kluba aretoan.

Bi ekitaldi horietan ezagutuko ditugu bi probintzietako irabazleen izenak. Ekitaldiak presentzialak izango badira ere, ezingo dute ikastetxeko kide guztiek bertaratu. Horregatik, sari banaketa streaming bidez ere jarraitzeko aukera egongo da (estekak: BIZKAIA eta GIPUZKOA). Hala, ikastetxean geratzen zaretenok ere zuen apustuak egin eta zuzeneko txatean animoak eman ditzakezue!

Esan bezala, bi probintzietako kategoria bakoitzean 3 finalista sailkatu dira, eta egun horretan jakingo dugu sariak nora joango diren. Finalisten izenak ezagutu nahi?

Bizkaia:

DBH1-2ko ikasleek lehiaketara aurkeztutako lanen artean, Ikastetxeen kategorian, BEILAKOAK (Markina BHI), KINDER (Markina BHI) eta TXINKILIMAK (Markina BHI) taldeak, Esther Ferrer eta denbora: (ia) guztia moztu eta itsats daiteke liburuaren trailerrekin.

DBH 3-4ko gazteek aurkeztutako lanen artean, berriz, Ikastetxeen kategorian, IRAKURRIZ BIZI (Larramendi Ikastola) taldea, Violet Park-en bidetik liburuaren trailerrarekin eta LONS (San Nikolas Ikastola) eta PLATI (San Nikolas Ikastola) taldeak Frankenstein efektua liburuari buruzko trailerrekin.

IZARRAK (Lauaxeta Ikastola) eta JAMS (Markina BHI) taldeek, gainera, epaimahaiaren aipamen berezia jaso dute. Lehenenegoak, booktrailer formatua jarraitzen ez badu ere, atzetik duen lan guztiarengatik. Bigarrenak, aldiz, ikus-entzunezko lengoaiaren erabilera fin eta landuarengatik.

Gipuzkoa:

DBH1-2ko ikasleek lehiaketara aurkeztutako lanen artean, Ikastetxeen kategorian, IRAKURLE NATOAK (Elgoibar Ikastola) Kukuaren kantua liburuaren booktrailerrarekin eta BOSTAK (Jesuitinas Donostia) eta VIP (Eguzkitza BHI) taldeak Coraline liburuaren booktrailerrekin.

DBH 3-4ko gazteek aurkeztutako lanen artean, berriz, Ikastetxeen kategorian, ELURDUNAK (Jesuitinas Donostia) eta KIXMI GALAXIARRAK (Jesuitinas Donostia) Kixmi elurpean liburuaren trailerrekin eta TXORIBURUAK (Elizalde BHI) Moio: gordetzea ezinezkoa zen liburuaren booktrailerrarekin.

Publikoaren bozka gehien jaso duten ikastetxe eta norbanakoen kategoriatako hiru booktrailerrak ere sarituak izango dira ekitaldietan. Maiatzaren 23an, Bilbon, eta 29an, Donostian, jakingo dugu nor den kategoria bakoitzeko irabazlea.

Abentura txangoak eta liburu eta diskotan gastatu ahal izateko bonuak daude jokoan. Nor izango ote da aurtengo booktrailer zuzendari eta interprete garailea? Egin apustu!

Eta, ez ahaztu! Bozkatu duten pertsona guztien artean bi sari zozkatuko dira, bata Gipuzkoan eta bestea Bizkaian. Aurrerago izango duzue horren berri ere!