Urriaren 11n eta 12an, Saran, Ikusi Mikusi azokaren laugarren edizioa egingo dugu. Euskarazko haur eta gazte literatura ardatz duen azoka bakarra da Ikusi Mikusi, Bidasoaz beste aldean antolatzen duguna Mari Gorri elkartearekin eta Pamiela argitaletxearekin batera. Aurtengo edizioaren gaia 'Gure baitan ditugun altxorrak' da, eta antolatu ditugun tailer eta ikuskizun batean baino gehiago agertuko da.
Iaz bezala aurtengoan ere azokaren lehen eguna, urriak 11 ostirala, Eskolen Eguna izango da. Ikasleak ikaskideekin eta irakasleekin joango dira, eta ikuskizunak, jolasak, sormen-tailerrak, beren lanen aurkezpenak eta idazleekin topaketak egiteko aukera izango dute, besteak beste. Liburu-azokaz gozatzeko paradaz harago, ikasle bakoitzak bere liburua eskuratu ahal izango du aurten jarraipena izango duen bonu-sistemari esker.
Euskal Herri osotik 1.100 ikasle etorriko dira azokara literaturaz gozatzera.
Urriaren 11n, ikastetxeei eskainitako egunean, euskal haur eta gazte literaturaren profesionalei egun osoko egitaraua eskainiko diegu.
EHU, EKE eta BILKETArekin elkarlanean haur eta gazte literaturaren berezitasunak eta erronkak, alderdi profesionaletik, ulertzeko eguna izango da. Izena emateko, bidali mezu bat helbide honetara.
Urriaren 12a, larunbata, Familien Eguna ospatuko dugu. Aurreko egunean bezala, bisitariek tailerrak, topaketak eta ikuskizunak izango dituzte aukeran.
Ekintza horiez guztiez gain, bi egunetan argitaletxeek standak jarriko dituzte, eskoletan egindako lanen erakusketa ikusgai izango da, Kilika konpainiaren txotxongilo erraldoiak, Ttipittoen xokoa eta liburu aurkezpenak egongo dira.
Egitarau osoa hemen aurkitu dezakezu.
Azokari buruz gehiago jakin nahi baduzu, entzun Amaia Hennebutte eta Izaskun Jauregiri Naiz irratiko Zebrabidea saioan egindako elkarrizketa.
Animatu, eta etorri Sarara literaturaz gozatzera!