Hemeroteka


Compartir
2012-11-06

Azurmendiren ibilbide oparo eta emankorrak jantzi du Euskal Liburuaren Gaua

Dabilen elea saria banatu zen atzo Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian. Euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek (Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak) urtero ematen dute sari hori liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa. Aurten Azurmendik eskuratu du.

Ekitaldi hunkigarria izan da 2012ko Liburuaren Gaua. Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak gidatu, Hedoi Etxartek poesiaz busti eta Juantxo eta Xabi Zeberiok jantzi dute musikaz. Lorea Agirre kazetariak, Juan Mari Torrealdai idazleak, Xabier Mendiguren Elizegi editore eta idazleak, eta Olatz Osa Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariordeak hartu dute parte Azurmendiren ibilbide oparoaren erakusgarri izan den ekitaldian.

Aurtengo edizioan, gainera, dabilen elea sariaren oroigarri berria jaso du Joxe Azurmendik. Hain zuzen ere, Antton Olariaga ilustratzaileak bereziki Azurmendiri eskainitako ilustrazioa egin du, sariaren oroigarri gisa. Ilustrazio hori iazko saridunaren eskutik, Mariasun Landaren eskutik jaso du.

Euskara, euskaltzaleak, pentsamendua eta pentsalariak

Txillardegi, Aresti, Gandiaga, Rikardo Arregi, Mitxelena, Orixe eta beste hainbat eta hainbat idazle, euskaltzale, hizkuntzalari, pentsalari eta ikerlari ekarri zituen gogora Joxe Azurmendi omenduak dabilen elea saria jasotzean, Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian. Ahots urratuak jarduna eten zion arren, Xabier Mendiguren Elizegiren ahotan entzun ziren sarituaren esker oneko hitzak. Euskararen eta pentsamenduaren ibilbide luzeak aipatu eta parekatu zituen Azurmendi euskaltzale eta pentsalariak. Bere ibilbide profesionalean ondoan izan dituen argitaletxeei eskerrak emanez egin zion keinu Euskal Liburuaren Gauaren zioari.

Izan ere, 2008. urteaz geroztik, kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikusaraztea du helburu ekitaldi honek. Hori dela eta, euskarazko liburugintzan parte hartzen duten hainbat eragileren bilgune ere bada, hala nola, argitaratzaileak, idazleak, irudigileak, itzultzaileak… Aurreko urteetan honako hauek jaso dute saria: Antton Olariaga (2008), Juan Mari Torrealdai (2009), Itxaropena argitaletxea (2010) eta Mariasun Landa (2011).

Bosgarren edizio honetan, Kutxaren eta Donostiako Udalaren babesa izan dute bost elkarteek ekitaldia antolatzeko.

 

 

Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, 1941)

Olerkari, kazetari, kritikari, saiogile eta filosofo euskalduna (Zegama, 1941). Arantzazun, Erroman eta Münsterren egin zituen Ikasketak. Euskaltzaindiko urgazlea. EHUko irakasle da gaur egun. Jakin-en eta Egan-en hasi zen idazten. Hitz berdeak (1969) poema liburua argitaratu zuen. Horrez gainera Arbola beltzaren poema eta Manifestu atzeratua poemekin euskal poesiaren berrikuntzarako urrats handiak eman zituen.

Saiakerek eman diote, ordea, ospe handiena: Hizkuntza, etnia eta marxismoa, Kultura proletarioaz, Errealismo sozialistaz, Zer dugu Orixeren kontra?, Zer dugu Orixeren alde? Mirande eta kristautasuna, Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan. El hombre cooperativo, Gizona abere hutsa da, Gizaberearen bakeak eta gerrak dira bere argitalpenik garrantzizkoenak.

Sari ematearen unea:

 

Joxe Azurmendiren eskertza hitzak, Xabier Mendigurenen hitzetan: