Urtarrilaren 23tik 27ra Iruñean –Kondestable jauregian– egingo dugun zazpigarren BIKO-TEKA tailerrean parte hartzeko izen-emate epea ostiral honetan, abenduaren 2an, amaituko da. BIKO-TEKA liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra da, non idazleak eta ilustratzaileak bikoteka lau eskutara lanean aritzen diren astebetez. Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan antolatzen duen lantegi honetatik dagoeneko, 90 idazle eta ilustratzaile baino gehiago pasa dira. Horietako batzuek Etxepare Literatura Saria irabazi dute tailerrean abiatutako album irudidunei esker; beste batzuk bertan hasitako proiektuak gauzatu ahal izan dituzte, eta hala, haurrentzako euskarazko album ilustratu berriak jaio dira BIKO-TEKAri esker. Eta guztiek aipatu izan digute Biko-Tekan parte hartzea esperientzia “itzela” izan dela eta lantegia “aberasgarria, osoa, zoragarria, intentsoa… “ bezalako hitzekin laburbildu izan dute parte hartzaileek.
Ikusi adibidez, zer kontatzen digun Ainara Azpiazu “Axpi” ilustratzaileak BIKO-TEKAn bizitako esperientziaren inguruan.
BIKO-TEKA tailerraren helburu nagusia haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Bai eta idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Horregatik, parte hartu nahi dutenek banaka edo bikoteka egin dezakete. Parte hartzeko baldintzak eta informazio osoa deialdian jasota dago.
2023ko BIKO-TEKArako aukeratuak diren zortzi bikoteek, Harcaitz Cano idazlea eta Aitziber Alonso ilustratzailea izango dituzte bidelagun proiektu berrien sorreran. Album ilustratu edo nobela grafikoaren sormen-lanaz gain, hamaika ariketa egingo dituzte tailerrean arte-diziplina ugari uztartuz. Gainera, tailerraren VII. edizioan Garazi Arrula Txalapartako editoreak euskal edizio munduaz eta Asun Agiriano Arrasateko Udal Liburutegiko zuzendariak liburutegietatik egiten duten bitartekaritzaz eta irakurleen zein gurasoen irakurle-esperientziaz mintzatuko da. Biek parte hartu dute sortzaile bezala BIKO-TEKA tailerraren aurreko edizioetan.
Animatu zaitez eta ez galdu bertan parte hartzeko aukera!!