Hemeroteka


Compartir
2008-11-16

Azaroaren 13ko gaua Euskal Liburuaren Gaua izango da

Elkarlanean antolatu dute Euskal Liburuaren Gaua Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak, Euskal Editoreen elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak. Aurten lehenengo aldiz burutuko den ospakizun honek euskarazko liburuaren aldeko urteroko zita izan nahiko luke eta bertan euskarazko liburugintzak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikustarazi nahi dugu lau elkarteon artean, festa giroan.

 Liburu bakoitzaren atzean dagoen lan andana eta lan hori burutzen duten profesional guztiak agerrarazi nahi ditu jai honek. Besteak beste, idazle, ilustratzaile, itzultzaile, kontalari, bitartekari, editore, edota inpresoreak bilduko dira jai honetan, liburugintzaren sektoreko ordezkari gisa.

Egitaraua

Euskal Liburuaren Gaua bideo-emanaldi bitxi batekin hasiko da. Ondoren, euskal liburuarekin lotutako ikuskizun batez gozatu ahal izango dute bertaratutakoek. Ikuskizuna Ramon Agirre aktoreak garatuko duelarik.

Horrez gain, lehen aldikoz, eta urtero errepikatzeko asmoz, dabilen elea 2008 saria emango zaio, euskal liburugintzaren alorrean ibilbide oparo jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa. Amaieran koktail-a ere izango da bertaratzen diren guztientzat.