Hemeroteka


Compartir
2014-02-22

Auzo irakurlea helburu

Galtzagorri Elkartearen Bularretik Mintzora egitasmoaren baitan, 0-3 urte bitarteko haurrei eta euren gurasoei zuzendutako Irakurketa Kluben saioak hasi dira Abusuko Bibliotekan. Horrekin auzo irakurle izaten jarraitzeko beste urrats bat eman du Abusu-La Peña auzoak.

0-3 urte bitarteko haurrentzako eta euren guraso edota hezitzaileentzako Irakurketa Kluben lehen saioak Donsotiako Ernest Lluch liburutegian egin dira eta harrera ezin hobea ari dira izaten.

 

Irakurzaletasuna ardatz bihurtu duen auzoa

Abusu-La Peñan otsailaren 11n hasi ziren Irakurketa Klubak eta modu horretan “auzo irakurle” izaten segitzeko beste urrats bat eman du Bilbo eta Arrigorriagako udalen baitan dagoen auzoak. Izan ere, asko dira irakurzaletasuna sustatzeko Euskal Herrian garatzen diren egitasmoak, baina gutxik lortu dute egitasmo desberdinetan irakurzaletasunaren sustapena ardatz bihurtzea. Bilboko Abusu-La Peña auzoa dabil lan horretan buru-belarri. 2011-2012an María Moliner Saria jaso zuen “Abusu auzo irakurlea” egitasmoari esker. Abusuko Bibliotekak “Abusu Sarean” osatzen duten elkarte eta erakundeekin elkarlanean burututako egitasmoa izan zen berau.

Ondoren, liburutegia bera eta Abusu Sarean izan ziren Galtzagorri Elkartearekin harremanetan jarri eta irakurzaletasuna jaiotzear dauden haurrenganaino gerturatzeko ahalegina egin zutenak. Elkarlan horretatik sortu zen 2012ko udaberrian Bularretik Mintzora egitasmoaren esperientzia berria; etxea, ikastetxea eta liburutegia ez ezik, anbulatorioa bera ere lotzen dituena. Harrez gero, erditzea prestatzeko saioetan, zein pediatria kontsultetan, osasun profesionalek aholkuak ematen dizkiete gurasoei gai hauen inguruan. Hau da, hizkuntza, haur-literatura eta irakurketa lantzeko aholkuak jasotzen dituzte, haurra jaio baino lehenago ere. Liburutegiak, halaber, liburutegi txiki bat hornitzen du anbulatorioan bertan.

Txikienak eta gazteak zaletu nahian

Orain, irakurzaletasuna sustatzeko bide horretan beste urrats bat eman du Abusu-La Peñak. Bularretik Mintzora egitasmoari esker 0-3 urte bitarteko haurrei eta horien guraso edota hezitzaileei zuzendutako Irakurketa Klubak jarri dituzte martxan liburutegian. Otsailaren 11n izan zen lehen saioa, eta martxoaren 11n eta apirilaren 8an izango dira hurrengoak.

Bitartean, Abusu Sarean-eko Auzo Irakurle Batzordeak lanean jarraitzen du eta auzoa eta irakurketa sustatzeko lanek ez dute etenik izango. Besteak beste, abian da auzoko bizilagun gazteagoei zuzendutako “Gu irakurle, baita zeu ere” lehiaketa, irakurzaletasuna sustatzeko argazki eta bideo-labur lehiaketa. Lehenago ere, 2012an, auzoko gazteak irakurketara gerturatzeko beste ahalegin bat eginak dira “Abusu irakurle” flashmob-arekin.

 

Flashmob "Abusu irakurle" from JRMillan on Vimeo.