Hemeroteka


Compartir
2012-06-13

Aurtengo Liburu Gazteak hautatu dituzte ikasleek

2011-2012. ikasturteko Liburu Gazteak aukeratuak izan dira dagoeneko. Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiari esker antolatzen du ekimen hau bi helburu lortzeko xedearekin: Gipuzkoako DBHko gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzea da bat. Bestea, euskarazko gazte literatura zabaltzea.

Maiatzaren 15ean bukatu zen Liburu Gaztea Sarian bozketa egiteko epea. Ikasturte honetan, Liburu Gaztean Gipuzkoako DBHko 24 ikastetxek parte hartu dute bozketan. Guztira, 3.009 ikaslek egin dute bozka. Emaitzei dagokionez, 2010ean argitaratutako euskarazko gazteentzako liburuen artetik, hauexek izan dira gailendu diren obra, egile eta itzultzaileak:

- DBH1: Greg, gizajo baten egunkaria. Jeff Kinney. Itzul: Miren Arratibel. Alberdania.

- DBH2: Ehun ipuin hitz gutxitan. Joxan Ormazabal. Il: Jon Zabaleta. Elkar.

- DBH3: Kulero salatzaileak. Migel Angel Mintegi. Aizkorri.

- DBH4: Mirarien garaia. Anne-Laure Bondoux. Itzul: Usua Lasa. Ibaizabal.

Saria parte hartu duten ikastetxeentzat

Liburu Gaztea lehiaketan parte hartu duten ikastetxeen artean zozketa egiten da urtero. Zozketa honen ondorioz, ikastetxe batek bidaia bat irabazten du eta beste bik liburu eta diskoak erosteko bono bana. Hauexek dira edizio honetan irabazle suertatu diren ikastetxeak:

1. saria (TOLEDO-CUENCARA BIDAIA): Ikasberri Ikastola. (Azpeitia).

2. sariak (LIBURU SORTA): Karmelo Ikastetxea (Donostia) eta Itzio BHI (Eibar).

Datorren ikasturterako proposamena

Aurtengo ekitaldia amaiturik, datorren urteko Liburu Gazterako hautagaiak aukeratu ditu jada Galtzagorri Elkarteko aditu batzordeak. Datorren urtean, gainera, hainbat berrikuntza izango ditu Liburu Gaztea lehiaketak. Hain zuzen, Liburu Gaztea Lehiaketa izatetik Liburu Gaztea Sarea izatera igaroko da. Laster jakinaraziko dizkizuegu lehiaketa berriaren ezaugarriak. Besteak beste, aurreratzen dizuegu liburu aukeraketan egingo ditugula aldaketak.

Orain artean, aurreko urtean euskaraz gazteentzat argitaratutako liburu guztietatik hiruna izenburu proposatzen ziren DBHko maila bakoitzak irakur zitzan. 2012-2013. ikasturtetik aurrera, izenburu bakarra proposatuko zaio maila bakoitzari. Eta, parte hartzen duen gela bakoitzak liburu baten gaineko booktrailer bat sortu beharko du. Lan hori egiten duenak soilik izango du saria irabazteko aukera. Ikasgelez gain, norbanakoek ere izango dute parte hartzeko aukera.

2011n 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat euskaraz eta lehenengo aldiz argitaratutako liburu guztiak irakurri ditu beti bezala batzordeak. Aditu batzordearen irizpideei jarraituz, hauexek dira Liburu Gaztea Sarean datorren ikasturtean parte hartzen duten ikasleek irakurriko dituzten lanak, DBHko mailaz maila:

DBH1: Pozoai kopan (P.D. Baccalario eta A. Gatti. Itz: Aitor Arana. Mezulari)

DBH2: Zenbat lur behar ditu gizon batek? (Lev Tolstoi. Itz.: Mikel Vilches. Ilust.: Elena Odriozola. Denonartean)

DBH3: Azken garaipena (Iban Zaldua. Ilust.: Julen Ribas Ikastolen Elkartea)

DBH4: Neure buruaren alde (Koldo Zuazo. Alberdania).