Hemeroteka


Compartir
2007-11-29

Aurtengo formazio eskaintza

Abenduaren 14an eta 15ean burutuko dira Donostiako Lugaritz Kultur Etxean Irakurketarako animazioa eta liburutegiaren dinamizazioa izeneko ikastaro-topaketak. 14an arratsaldeko 16:00etan hasi eta 20:30ak arte luzatuko dira topaketak; larunbatean berriz, goizeko 10:00etan hasi eta 13:00ak arte.

 

 

 Jose Antonio Camacho Espinosaren gidaritzapean, haur eta gazteen irakurzaletasuna sustatzeko plan eta egitasmoetara hurbiltzea, hauei buruz hausnartzea eta adibide praktikoak garatzea da ikastaro honen helburu nagusia. Horretarako, besteak beste, honako puntuok landuko dituzte bertaratzen direnek, besteak beste:

 

-Zer den irakurketarako animazioa, zertarako balio duen, noiz eta non egin behar den.

-Liburuen aurkezpenerako jolasak. Irakurketa, idazketa eta irudimena eskutik helduta datoz.

-Ahozko narrazioa, irakurketarako sarrera ate gisa.

-Antzerkiak ere irakurtzera animatzen du

-Beste proposamen xume batzuk liburuaren eta liburutegiaren inguruan

-Lan egiten jarraitzeko beste baliabide batzuk

 

 Jose Antonio Camacho Espinosa Madrilen jaio zen 1958an. Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle diplomatu zen, eta 1980tik Guadalajarako sei hezkuntza zentrotan aritu da irakasle. 2002an Dokumentazioan lizentziatu zen Alcalako Unibertsitatean. Bertako hainbat irakaslerekin batera Gaztela-Mantxako Komunitateko Eskola Liburutegiei buruzko ikerketa egin du. 1982an sortutako Guadalajarako Haur eta Gazte Literatura Mintegiko sortzaileetako bat da. 1996an Sari Nazionala irabazi zuen “Eskola Liburutegiaren antolaketa eta dinamizazioa II” lanagatik. Hainbat komunikabidetan kolaboratzen du, besteak beste, Educación y Biblioteca, Platero eta Primeras Noticias.

 

Haur eta Gazte Literatura Vs. Literatura

 Urtarrilaren 19an, Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean, hitzaldi-tailer bat antolatu du Galtzagorrik. Ibon Egaña eta Mikel Ayerbe literatur kritikariek koordinatu eta gidatuko dute saioa. Goizeko 9:00etan hasi eta 13:00ak arteko lau orduko saioa egingo da.

Literatur sisteman bezala, literaturari buruzko eztabaidetan bigarren mailan geratu ohi da Haur eta Gazte literaturaren gaineko hausnarketa, eta are gehiago gazte literaturarena, bi errealitate literarioren erdian kokatzen denez, sarri status zehazgabea duen literatur esparrua baita. Dena den, izan da euskal literaturan bertan gai hauei buruzko kezka eta eztabaidarik azkenaldian, eta horiek abiapuntu izanda, HGLren eta helduen literaturaren arteko harremanez aritzea da ikastaroaren helburu nagusia, hots, euren artean batzen dituzten ezaugarriez, eta bereizgarri dituztenez.

Ikastaroan gaiaren inguruan izan diren teoria eta iritzi nagusiak aurkeztu nahi dira, literatura bakoitzaren ezaugarriak aztertuz, eta literatura bakoitza bere testuinguru sozial eta sistemikoan kokatuz. Besteak beste, honako helburuak lortu nahiko lituzkete ikastaro emaileek:

 -Haur eta gazte literatura eta helduen literatura aurrez aurre jartzea, hortik abiatuz literaturaren gaineko gogoeta egiteko.

 -HGL eta helduen literaturaren arteko antzekotasun eta diferentziez jardun duten hurbilpen teoriko desberdinak ezagutaraztea, betiere gogoeta gaurkotua helburu.

-Literatur sorkuntza (batez ere HGL) bere testuinguru sozialean, eta bere hartzaileekiko harremanetan aztertu eta definitzea.

-Testuen irakurketaren bidez, elkarrekintza bultzatzea eta teoriaren aplikazio praktikoak bilatzea.

Saioak bi atal izango ditu: Bata teorikoa; eta bestea, praktikoa, non hainbat testu eta libururen gaineko irakurketak proposatu eta bideratuko diren, eztabaida bultzatuz.

Izena emateko

 Irakurketarako animazioa eta liburutegiaren dinamizazioa izeneko topaketetan parte hartu nahi dutenek azaroaren 26a baino lehen izena eman beharko dute. 30 pertsonentzako mugatua izango da, beraz, izena emandako ordenean onartuko dira parte hartzaileak. Horretarako, dei dezakezue Galtzagorriren telefono zenbakira (943471487) edota bidali mezu bat: galtzagorri@galtzagorri.eus helbidera.

Ikastaroaren salneurria bazkideentzako 40 eurokoa da. Bazkide ez direnek 60 euro ordaindu beharko dute. Haur eta Gazte

Haur eta Gazte Literatura Vs. Literatura hitzaldi-tailerrean Galtzagorriko bazkideek doan parte hartu ahal izango dute. Bazkide ez direnek berriz, 20 euro ordaindu beharko dituzte. Izena emateko azken eguna abenduaren 14a izango da. Izena emateko dei dezakezue Galtzagorriren telefono zenbakira (943471487) edota bidali mezu bat: galtzagorri@galtzagorri.eus helbidera.