Hemeroteka


Compartir
2012-04-23

Aurkitu al duzu?

Liburuak, haur asko bezala, kalean dabiltza egun hauetan. Gutxien espero duzun lekuan aurki dezakezu bateren bat eta, agian, honako mezua izango du barruan:

Kaixo! Ez nago galduta! Liburu berezia naiz oso. Lagun berriak eginez bidaiatzea atsegin dut. Mesedez, aurkitzen nauzunean, sar zaitez http://www.bookcrossing.com/ helbidera. Horrela, askatu nindutenek jakingo dute onik nagoela. IRAKUR NAZAZU ETA ONDOREN, ASKA NAZAZU BERRIZ!

Hau Pello Añorgak idatzi eta Jokin Mitxelenak ilustratutako Ama Erraldoia liburua da. Apirilaren 2an askatu zuten Tolosan. Norbaitek aurkituko balu, lehen orrietan irakurriko duen mezuan jartzen duena egin dezake, liburuak hemendik aurrera egingo duen bidearen berri jakitera emateko.

Horixe da bookcrossing egitea. Alegia, liburu bat nahi duzun lekuan utzi eta mezu baten bidez, eskuz esku joan dadila eskatu. Horrez gain, egingo duen bidearen berri jakitera ematea nahi baduzu, http://bookcrossing.com helbidean sartu eta liburua bertan erregistratzea izango duzu egokiena.

Liburua erregistratzean kode bat ematen zaio eta ondoren hori liburuari itsasten zaion mezuan jartzen da. Horrela, aurkitzen duenak bookcrossing.com web gunean kode hori sartu eta non aurkitu duen, gustatu ote zaion, eta non askatuko duen jar dezake. Ondoren aurkitzen duenak ere gauza bera egingo balu, denek jakingo dute liburua eskuz esku non dabilen eta besteen iritziak irakurtzeko aukera ere izango dute.

Bookcrossing tailerra Azkoitiko LiburutegianBada, horretan ibili dira egun hauetan Euskal Herriko hainbat neska-mutil beren herriko liburutegi eta ikastetxeetan. Tolosa, Eibar, Ondarroa, Mundaka eta Azkoitiko liburutegietan, gainera, Galtzagorri Elkartearekin elkarlanean bookcrossing tailerrak egin dituzte. Saio horietan bookcrossinga zer den azaldu dute Galtzagorriko dinamizatzaileek eta ondoren liburu batzuk erregistratu eta herriko txoko desberdinetan askatu dituzte. Argazkian Azkoitiko haurrak ikus daitezke tailerrean parte hartzen.