Hemeroteka

2020-01-16

Aukeratu ditugu aurtengo BIKO-TEKA tailerrean parte hartuko duten zortzi bikoteak

Idazle eta ilustratzaileek osatutako zortzi bikote izan dira hautatuak urtarrilaren 27an hasiko den BIKO-TEKA 2020 Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrean parte hartzeko. Horietako zenbait bikotean aurkeztu dira; beste asko bakarka, eta Yolanda Arrietak eta Aitziber Alonsok bikotu dituzte.

Hain zuzen ere, Alonsok eta Arrietak gidaturik, hauexek izango dira Iruñeko Descalzos Kaleko Igogailuaren ondoko udal aretoan lau egun eta erdiz egingo den ikastaro trinko honetan parte hartuko dutenak:

  • Ane Arzeluz - Irati Garmendia
  • Sandra Garayoa - Itziar Otegi
  • Andrea Prosper - Joxe Aldasoro
  • Mariñe Arbeo - Ane Labaka
  • Paul Caballero - Cristina Etxabe
  • Bertol Arrieta - Andrea Costas
  • Josu Sanz - Esti Martinez
  • Arantxa Alustiza - Xabier Mendibil

Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Iruñeko Udalaren lankidetzarekin laugarren aldiz antolatu duen tailer honetan liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko dute aipatu zortzi lan-bikoteek. Goiz eta arratsaldez jardungo dira, datorren astelehenetik ostegunera (urtarrilaren 27tik 30era); eta goizez, ostiralean, urtarrilaren 31ean.

Euskal album ilustratuen argitalpen mundua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute gainera parte hartzaileek aurten: Laugarren tailer honetara album ilustratuetan aditua den Karla Fernández de Gamboa gonbidatu dugu parte hartzaileei albumen nondik norakoei buruz hitz egin diezaien eta, bidenabar, album ilustratuak didaktikaren arloarekin lotu ditzan.

Euskaraz liburu grafiko eta album ilustratu berriak sortzea

Tailerraren xede nagusia haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Zentzu honetan, hautagaien arteko aukeraketan, egile berriak lehenetsi dira.

Tailer honen emaitza gisa, parte hartzen duen bikote bakoitzak haurrentzako album ilustratu baten proiektua abiatzea lortu nahi da. Hain zuzen, proiektu horren abiapuntua, hasierako ideia, pentsatuta ekartzeko eskatu diete irakasleek (Aitziber Alonsok eta Yolanda Arrietak) lan-bikote hauetako bakoitzari.

2017ko martxoan burutu zuen lehen aldiz Galtzagorri Elkarteak Biko-Teka tailerra, Etxepare Sariko antolatzaileen ekimenez. Iruñeko Udalak babestuta, Harkaitz Cano eta Aitziber Alonso irakasle izan zituzten hiru egunetan zehar haurrentzako album ilustratuetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrean parte hartu zuten zortzi bikoteek. Bikote horietako batek (Ainara Azpiazu “Axpi”k eta Paula Estevezek) bertan abiatutako albumak irabazi zuen 2017an Etxepare Saria. Irabazle suertatu zen “Arraroa” (Pamiela) albumaz gain, tailerrean abiatutako beste zenbait lan ere aurkeztu ziren iazko sariketara. 2018 eta 2019ko edizioek ere uzta ederra utzi zuten, izan ere, bi edizioetako bikote banak irabazi zuen Etxepare saria 2018 eta 2019ko edizioetan. Dani Fano eta Ana Ibañezen “Cosimoren katiuskak” albumak eta Asier Iturralde eta Aintzane Usandizagaren “Etxe honetan” argitalpenak, hain zuzen ere.