Hemeroteka


Compartir
2015-02-06

Atxagaren "The Adventures of Shola" saritu dute

Bernardo Atxagaren Xola txakurraren abenturen ingelesezko edizioak (The Adventures of Shola, Pushkin, 2013) Marsh saria irabazi du, itzulitako haur eta gazte literaturaren alorrean. Atxagaren ingelesezko argitalpen guztietan bezala, Margaret Jull Costa izan da itzultzailea. Marrazkiak Mikel Valverderenak dira, Euskal Herriko edizioan bezala.

Marsh Sariak aurreko bi urteetan ingelesera egindako itzulpen-lanik onena saritzen du, haur eta gazte literaturaren alorrean. Aurtengo edizioan, sei finalista izan dira; horien artean, Xola txakurraren abenturak kontatzen dituen liburua aukeratu du epaimahaik, urtarrilaren 22an jakinarazi duenez.

Euskaraz, lau dira Xola txakurraren abenturak bildu dituzten liburuak: Xolak badu lehoien berri (1995, Erein); Xola eta basurdeak (1996, Erein); Xola eta Angelito (2004, Erein), eta Xola eta Ameriketako izeba (2011, Erein). Ingelesez, liburu bakar batean batu eta argitaratu ziren, 2013an, The Adventures of Shola izenburupean.

2013an, The Independent egunkari britainiarrak urteko liburu onenen artean sailkatu zuen Xolaren abenturak, haurren kategorian.