Hemeroteka


Compartir
2016-09-26

Astelehenean abiatuko da Marraz(i)oak topaketen zortzigarren edizioa

Irailaren 26tik 30era burutuko du Galtzagorri Elkarteak Marraz(i)Oak Ilustratzaileen Topaketen VIII. edizioa. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaritzak babestuta, Donostiako Komikigunean (Errege-Erregina Katolikoen Kalea, 16) egingo da bigarren urtez. “…Eta errauskine bere errautsetatik berpiztu zen” lelopean egingo dira aurtengo Ilustratzaileen Topaketak.

Parte hartuko duten 12 ilustratzaileek, Ignasi Blanch ilustratzailearen eta Harkaitz Cano idazlearen gidaritzapean, historian zehar arteak egin duen emakumearen errepresentazioa abiapuntutzat hartu eta, XX. mendeko ikonografiari arreta berezia ipinita, honen berrinterpretazio bat proposatuko dute elkarlanean.

 

Ikastaroa, surrealisten begiradarekin abiatuko dute –ia denak gizonezkoak–, etengabe jolasten baitzuten euren lanean emakumearen balizko inozentziarekin eta perbertsitatearekin, ikuspegi heterosexual bati lotutako objektuaren desio bilakatzen zutelarik orobat.

 

Hortik aurrera, ordea, eredu hauek eremu masiboagoetan izan duten garapena aztertuko dute (Disney faktoria kasu). Tarte berezia eskainiko zaio, halaber, 70.eko hamarkada amaierako “lowbrow” mugimenduari –90etan surrealismo popa eragingo zuena–, bai eta gaur egun indarrean dabiltzan emakumezko performerren lanari ere. Ez baita ahaztu behar liburu ilustratuen alorrean emakumeak direla geure inguruan aktiboenak.

 

Hain zuzen ere, Marraz (i)Oak-en VIII. Edizio honetarako irakasleek aukeratu dituzten 12 ilustratzaileak emakumeak dira. Honakoak: Begoña Durruti, Belen Lucas, Garazi Berrizbeitia, Ainara Altuna, Yera Sánchez, Concetta Probanza, Nagore Txintxurreta, Ibone López, Maite Gurrutxaga, Ainara Azpiazu, Nekane Fernández eta Idoia Beratarbide.

 

8 ordu egunero, astebetez

 

Aurtengo Topaketen egitaraua erabat praktikoa izango da, egunez eguneko ariketen bitartez, album ilustratuetan egiten den emakumearen errepresentazioa landuz, eta honen inguruan hausnartuz eta esperimentatuz.

 

Tailerraren emaitza beraz, egunez egun egiten diren ilustrazio-ariketa horiek osatuko dute. Horrez gain, parte hartzen duten ikasleen artean Haur eta Gazte Literaturako ilustrazioetan emakumeari eskaintzen zaion leku eta errepresentazioari buruzko hausnarketa bat egitea lortuko da.

 

5 egunez, 8 ordutako saioak egingo dituzte Komikigunean. Guztira, 40 orduko tailer praktikoa izango da beraz aurtengoa ere. Honako ordutegia egingo dute ikasle ilustratzaileek: Goizeko 9:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara.

 

Historia pixka bat

 

2009an antolatu zituen lehenengo aldiz Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Marraz(i)Oak Topaketak. Topaketa hauen hastapenetan argi geratu zenez, Marraz(i)Oak ez dago irudigintzari bideratuta, baizik eta ilustrazioari: alegia, gidoi narratibo bati jarraituz egin beharreko ilustrazio lanari. Ilustrazioak literaturan duen rol hori lantzea da beraz Marraz(i)Oaken xedea, edizioz edizio, era batera edo bestera. Ondorioz, istorio bat ilustratzeko bide ezberdinak arakatzen dira 2009tik urtero antolatu diren Ilustrazio Topaketa hauetan.

 

Topaketa hauen helburu zehatzak, besteak beste, hauek dira:

 

.Ilustratzaileek lanerako baliagarria duten formazioa eskuratzea

.Lan dinamika aberasgarri bat eskaintzea: ilustratzaileei elkarrekin egoteko eta lan egiteko gunea, denbora eta egitaraua bideratuz, euren ideiak eta proiektuak elkar trukatu ditzaten

.Genero, teknika, gai eta egitura berriekin esperimentatzea

.Sormenaren sustapena: ilustrazioaren eta gure ilustratzaileen “harrobiaren” akuilu ere izan nahi du

 

Edizioz edizio, helburu hauek betetzeko xedez, gai eta formatu ezberdinak landu dira, beti ere ilustrazioari eta album ilustratuari loturik. Hala nola, album mutuak, autoedizioa, ilusionismoa, aldareen narrazio egiturak, animazioa, mapak, laminak… aurten, emakumearen errepresentazioa jorratuko dute. Zeregin honetarako hautatu dituzte Blanch eta Cano irakasleek lehen aipatutako 12 ilustratzaileak.